Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

31/08/2021

Eusko Ikaskuntza jardun euskarafoboak zuritzen Nafarroan?

Juantxo Aleman, Gerardo Luzuriaga eta Jonjo Agire. Plazara Gatoz ekimena!

Zertan ari dira Eusko Ikaskuntzako kideok? Agintari eta erakunde baztertzaile horien jarduna zuritzen, balizko «elkarbizitza» delako baten izen faltsuaren pean?

Ezberdinen arteko konfiantza lantzen” jardunaldia burutu zuen ekainaren 16an Eusko Ikaskuntzak, euskararen gaia ere eztabaidetako bat zelarik; haren berri eman ziguten Zabalo, Mateos eta Nausia ikaskuntzatarrek hedabideen bitartez (Euskara eta konfiantza Nafarroan).

Euron esanetan, «badago nafar administrazioaren jarduna euskarari egindako erasotzat hartzen duen sektore sumindua, euskal hiztunen eskubideen urraketa salatzen duena»…

Nafarroako euskaldunok ez gara “sektore sumindua”, gizatalde etengabe zapaldua eta baztertua baizik. Nafarroaz zerbait dakienak, ondo daki euskaldunon hizkuntza eskubideak soilik partez daudela bermatuta erreserba “baskofonoan”: Foruzaingoarekin ez, Osasunbidean nekez, eremu pribatuan hemen bai baina hor ez… Zonalde mistoko euskaldunek hizkuntza eskubideak folklore mailan ere ez, eta zonalde “ez euskaldunean” bizi direnak? Badirenik ere ez da kontuan hartzen, «Salamancan baleude bezala», PSNko gobernukide baten hitzetan.

“Suminduon” lehen aldarria zein den? Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespeta daitezela. Espainiar erako “demokraziak” eta Nafarroako alderdi nagusiek euskara erdaragatik abandonatzera behartzen gaituzte Nafarroa hiru eremutan zatituz, nafar euskaldunontzat suizidagarri den egoera hori irenstera derrigortuz. Gu ez gaude horretarako prest. Eusko Ikaskuntzako kideak bai?

Artikulugileen hitzetan, «beste aldean aurkitzen dira euskararen zabalkundeaz mesfidati direnak. Euskararen kontra ez dira azaltzen… euskara nafar hizkuntza da, baina betiere dagokion eremuan»… Bada, “beste aldean” dauden horiek euskararen kontra dihardute amorru biziz, nahiz eta testuinguruaren arabera publikoan ez duten horrela adierazten. Euskara nafar hizkuntza dela badakite, eta horrexegatik lehenbailehen desagerrarazi nahi lukete, ez gaitezen “baskoekin” ezertarako nahas, lehenik erreserba baskofonoan itxiz, ondotik bertatik ere desager dadin hizkuntza (euskara bainoago, euskaldunak noski). Euskararen erabilerari bide guztiak ixteko lanean dihardute agintetik nahiz auzitegietatik.

Eta aurrerago: «… badaude nolabaiteko konfiantzaren eraikuntza egingarri ikusten dutenak. Ustezko gatazkari garrantzia kendu eta euskararen inguruko kontsentsuak lantzeari ematen diote».

“Ustezko” gatazkarik ez dago Eusko Ikaskuntzako lagunok, gatazka egiazkoa eta latza baizik.

Ordezkapen prozesua deitzea izango litzateke egokiagoa: Nafarroan (ere) euskara desagerrarazteko prozesu planifikatu eta luze baten azken hamarkadak izan litezkeenaren aurrean gaude, euskaltzaleen artean asko diren arren oraindik egoeraren larriaz jabetu ez direnak…

Izan ere, antza denez bada jende bat “oso baikorra” dena… informazioz urri dabilelako, euskararen ordezkapena bost ardura zaiolako, edo pena pixka bat eman bai, baina horraino.

Azkenik, “hiru gako argitu beharra” ikusten dute Eusko Ikaskuntzako kideek.

Lehen gakoa, «euskara arma politiko gisa erabiltzea zer den zehaztea» bide da.

Euskara arma politiko gisa nazionalismo espainiarrak erabiltzen du, eta zapaltzen gaituen bitartean garrasika dihardu, euskara inposatzen ari garela salatuz. Jasangaitza da, baina horrela da.

Adibidez, Nafarroako lanpostu publiko guztietarako exijitzen da espainiera, eta lanpostu guztietan alemana, ingelesa edota frantsesa jakiteak puntuak ematen ditu. Euskara oso lanpostu gutxitan baloratu daiteke eta are gutxiagotan exijitu. Horra nola “inposatzen den” euskara Nafarroan.

Bigarren gakoa «eskubideak eztabaidagarriak dira elkarren aurka talka egiten badute» omen. Ezin sinistuta gaude. Ontzat ematen du Eusko Ikaskuntzak lehen eta bigarren mailako “eskubidedunak” daudela? Erdaraz egiteko eskubidea, euskaraz egiteko eskubidearen gainetik dago?

Hirugarren gakoa honakoa omen: «... ez da arriskutsua emozioek eragiten duten grinaz baliatzea, neurriak edo aldarriak proposatzeko orduan, demokraziaren jokoari gailenduz?».

Harri eta zur! Bide arrazional eta demokratiko guztiak urratu ditugu euskaltzaleok gure hizkuntzaren defentsan. Izan ere, emozioen bidetik (eta gezurretan) dihardutenak, euskara erreserba baskofonoan giltzapeturik nahi dutenak dira. Datu eta iritzi arrazoituei iskin egiten diete euskaldunon arerioek. Ez gaitu harritzen, eskuineko nahiz ezkerreko, Espainia uniformearen betiko defendatzaile sutsuak dira.

Zertan ari dira Eusko Ikaskuntzako kideok? Agintari eta erakunde baztertzaile horien jarduna zuritzen, balizko “elkarbizitza” delako baten izen faltsuaren pean?

Menpekotasunean oinarritutako “elkarbizitzarik” ez dago, zapalduari eta baztertuari “sumindu” esaterik ez dagoen bezala, iparra galdu ez badugu behinik behin.

Los comentarios son cerrados