Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

05/04/2006

B eredua

B ereduak ez ditu euskalduntzen gure seme-alabak

Lakuako Ibaiondo ikastetxe publikoaren inguruko polemika artifiziala.
"B ereduak ez ditu euskalduntzen gure seme-alabak". Eta asko gutxiago Gasteizen.
Nahiz eta Partido Politiko batzuek gurasoen eskubideetan oinarrituta B eredua ere Ibaiondo ikastetxean eskaini nahi, eta baita gurasoek ere PSEn ideietan murgilduta gehiegi aztertu gabe B eredua eskatu, B ereduak ez dituela euskalduntzen gure seme-alabak gurasoek argi eta garbi jakin beharko dute.


“Gasteizko Lakuako gurasoen gorabeherak euren seme-alabak ikastetxe batean matrikulatzeko” aspalditik ezagunak dira. Badaramagu urte batzuek honen gaineko eztabaidatan.

Izan ere, oraindik orain, Lakuabizkarrako auzokideok jasaten ari gara garai horretan administrazioak izandako arduragabekeria eta plangintzarik eza. Badakizue: gaizki hasten denak okerrago amaitzen du.

Jakina denez, auzoan Ibaiondo ikastetxe publikoa egitea “proiektatuta” zegoen, eta, egun, 2006an, oraindik obretan jarraitzen du: lotsagarria, benetan! Horiek horrela ere, gutxienez bi eliza katoliko abian daude.

Tamalez, 2003ko artikuluan iragarritakoa gertatu egin da, hau da: seme-alaben matrikulazioa egiteko, Lakuako gurasoen ikastetxe batetik bestera ibili beharra; D ereduan matrikulatu beharrean, beste ereduetan apuntatu beharra; ikastetxe pribatuetan matrikulatu beharra, eta abar.

Baina baikor izan gaitezen, eta, iragana alde batera utzita, egungo egoerari hel diezaiogun! Aurten, Ibaiondo Ikastetxean lehendabiziko aurrematrikulazioa martxan jartzearekin batera, hainbat berri azaldu dira hedabideetan, batzuk B ereduaren alde eginez.

Ikastetxe horrek soilik D eredua eskaini behar du, ezbairik gabe. Baten batek gurasoen eskubideak urratuko liratekeela esango du, baina gurasoen eskubideen gainetik beste eskubide batzuk daude, batik bat ikasleenak. Lehenengo eta behin, ikasle guztiek euskalduntzen duen eredu bakarrean matrikulatzeko aukera izan behar dute. Bigarrenez, Administrazioak, Kontstituzioak berak dioenari jarraiki, Hezkuntza Sistemak ikasleak euskalduntzea ziurtatu behar du, herritar guztiok hezkuntza jasotzeko eskubidea dugulako, eta, gainera, 16 urteko ikasle guztiek euskara eta gaztelania jakin beharko luketelako.

Dena den, afera honetan errealitateaz konturatzeko ez da beharrezkoa ur handitan sartzea. Arestian, adituek A eta B ereduak ez dutela seme-alabek euskara jakitea bermatzen agerian utzi dute. Areago, D ereduak ere, kasu guztietan, ez omen du euskalduntzea ziurtatzen. B ereduan ibiltzen diren 3 ikasletik 1 baino ez da gauza euskaraz behar bezala aritzeko.

Zer gurasok ez dute seme-alabentzat onena nahi? Guraso asko eskolak euskalduntzen duelakoan dago. Jakingo balute euren seme-alabek, aukeratu duten eredura eramanda, ez dituztela izango lanean eta bizitzaren bestelako eremuetan euskara ondo ikasi dutenen beste aukera izango, jarraituko al lukete ikasleak euskalduntzen ez dituzten eredu horietara eramaten? Ez dut uste.

Beraz, D ereduan matrikulatuz gero, gurasoek mesede handia egingo diete seme-alabei, etorkizunari begira, eta, bestetik, administrazioari ere bai; izan ere, urte batzuk barru helduen euskalduntzeak doakoa izan beharko du, administrazioak eskolak euskaldundu ez dituen herritarrak doan euskaldundu beharko dituelako, nolabait, kaltetuak izan zirelako.

Araban, batez ere, eta Gasteizen konkretuki, ez dauka zentzurik ikastetxe batean D ereduan ikasten duten ikasleak B ereduan ibiltzen diren ikasleekin nahastea. Hori eginez gero, ikasle guztientzako kaltea, batik bat D eredukoentzat.

Horrenbestez, eta polemika artifizialak alde batera utzita, Lakuabizkarrako gurasook, seme-alaben mesedetan, D ereduan matrikulatu behar dituzte. Badakizue, PPko jarraitzaile batzuek eta PSEko politikari eta jarraitzaile gehiagok egiten duten bezala, zuek ere matrikulatu seme-alabak euskara ondo jakitea bermatzen duen eredu bakarrean, D ereduan, hain zuzen ere! Eskaini zuen seme-alabei besteek daukaten baliabide berberak, eta utzi politika horren pentzura bizi direnentzat: politikarientzat.
Gerardo Luzuriaga

Los comentarios son cerrados