Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

12/08/2009

Eskolapioetan

Ikastetxea inguruko ikasleekin joan zen betetzen. Azueloko Luis Angel Crespo Morentin, Asartako Emilio Remirez Yaniz eta bere lehengusuak, Azedoko Bittor Alvarez de Eulate eta bere anaia zaharra, Ubagoko Sainz, Mendazako Alvarez eta Carrasco mutilak, Mueseko Monreal eta Gaston anaiak, Desojoko Poli Yaniz Egilaz, eta Bitorino, eta Perez anaiak, Barindanoko Barrena anaiak, Eulateko Jesus Mari Alvarez de Eulate, Ameskuako herri bateko Andueza eta Irurzun abizeneko mutilak, Murietako Manuel Lana eta Aletxa, Mendilibarriko Kasi, Arronizek Anjel Iturri, eta Etxeberria, Sesmako Iñigo anaiak, Morras, eta hainbat mutiko, Muniaineko Jesus Fernandez Etxegarai, Agilarreko Martinez Orkoz, Nazarreko Atxa anaiak eta Luzuriaga anaiak, Oteizako Francisco Lopez de Dicastillo, Torralbako Fernandez, Esproncedako Luis Las Heras, Labeaga, Estenaga, Marañon... eta hainbat eta hainbat inguruko herrietako umeak eta umeak bildu ginen.

Herri minak jota gabiltz, jatekoa ere neurrian eta batzuetan eskasa, zen. Lehenengo bi astetan hamar ikaslek etxeko bidea hartu dute. Dena den, patioko orduetan futbolean hasi gara jokatzen. Patioa inurritegi bihurtu da, bostehun ume inguru gaude, ez dago lekurik soberan, den dena dago hartuta, bazter guztiak daude hartuta. Patioko orduetan ikastetxe zoroetxea dirudi, trenaren zarata eta txistua ere ez da somatzen, klasean gaudenean, berriz, hormak eta mahaiak ere mugitzen dira. Trenaren etorriarekin eta joatearekin entzuten den bakoitzean herrira bueltatzeko tentazioak pizten zaizkit.

Gau bukaezin hauetan zenbat bider hartu ditut trena eta herrian egin dut gau osoa, lagunen artean. Egunetan berriz, segundu guzti-guztiak daude antolaturik, ez dago modurik errutinatik irtetzeko. Hilaran, eta isil-isilean mugitzen gara kolegioan zehar suge luze bat izango bagina moduan, bata bestearen atzetik. Logelan gaudela, elizan gaudela, klaseetan gaudela, jangelan gaudela, patioan gaudela, agindua entzun bezain pronto mailaz maila eta altuaren arabera segundu batean hilaran gaude beste leku batera isil-isilean joateko. Txibirituaren txistua entzun odrdumo beldurreko isiltasun bihurtzen den unean sugeak hasten gara mugitzen. Debekatuta dago hitz egitea. Oro har ikastetxe osoan, patioan izan ezik debekatuta dago hitz egitea, jangelan ere denbora gehiena isilean gaude ikasle batek Amaia y los vascos edo Bibliako paragrafo batzuk irakurtzen dituen bitartean.

 

 

 

Los comentarios son cerrados