28/05/2014
Kearik gabeko herria
Nazar gero eta ederrago dago,
gero eta etxe gehiago dauka,
gero eta berriagoak, gainera.
Urte batzuetatik hona etxe ugari eraiki dituzte,
etxe zahar asko eta asko berritu dituzte.
Areago, herria berritzen ari da,
aurpegia garbitzen ari da,
herri gazte bat ematen du,
nahiz eta zahar-zaharra izan.
***
Dena den, errealitatea da,
etxeetako tximinietatik gero eta ke gutxiago irtetzen dela.
***
Edozein egunetan, edozein neguko astebukaeran
tristura handia sentitzen dut ikustean gero eta
etxeetako tximinia gutxiago funtzionamenduan
ibiltzen direla.
Zer tristura.
poliki-poliki etxe batzuek tximinietatik kea ateratzeari
utzi diote, etxeak hutsik daudelako, inor bizi ez delako.
***
Gure etxeko sukaldeko leihotik ikusten diren tximinia askok
kea ateratzeari utzi diote.
Zer pena.
Aurelio, Máximo Lander, Juanito, Gabino, Marcelino,
Angelito, Rufino, Máximo lacalleren tximinietatik
egun batetik bestera kea ateratzeari utzi diote.
Herria ez da berdina.
Ez da gauza bera, non geratu dira neguko egun euritsu eta odeitsu horietan
zerura joaten ziren keen zutabeak ikustea.
***
Zer plazerra esnatzea eta leihotik begiratzea, ea
zein etxetan sua zegoen piztuta. Keen zutabeak ikusteak
seguridadea, eta laitasuna ematen zigun.
Imaginatzea auzolagunak neguko hotz egun
horietan sukaldearen ondo-ondoan zeudela, bero-bero,
bakoitzak bere pentsamenduekin, bere kezkekin,
janariari begira, bazkaltzeko orduaren zain.
***
Egun, tristura ematen dit, leihotik begiratzea
eta aipatutako etxeetako tximiniatik kea irtetzea
ez ikustea.
Begiratzen dut alde batera eta tximinia hutsik ikusten dut,
kearen zutaberik gabe, beste lekura batera eta berdina,
tximinia guztiak kearik gabe.
Zer tristura, zer pena.
Gerardo Luzuriaga
22:01 | Permalink | Comentarios (0)
Los comentarios son cerrados