20/09/2005
5. Ehiza
5. Ehiza
Primitibo herritar gehienak bezala ehiztari amorratua zen.
Gogoan dut neguko igandeetan, kanpoan mara-mara ari zuela eta bera buruko eta guzti atetik irteten egun osoan basoan animalien atzetik ibiltzeko, emaztearen ohiko hitz zakarrak entzuteko bueltatzean. Beti berdin, tiro bateko eskopeta lepoan, labana gerrikoan, zakutoa sorbaldan. Herritik urruti ere ezagunak ziren haren pasadizoak, animalia basatiek jai zeukaten, azeri eta basurdeak akabatzea labanaren bidez zen bere gustukoa eta abilidadea. Ez zen harritzekoa bi edo hiru egun egitea familiatik urrun negua izanda ere. Ezpelen arteko orbelean egiten ohi zuen lo.
Behin egundoko elurtearekin inguruko herritarrek mendietara jo zuten aurkitzeko asmoz, aurrean emaztea eta bi seme-alaba txikiak, zazpi egun etxetik at baitzeraman, bederatzigarren egunean Kostalera gailurrean aurrez aurre topatu zuten kanta kantari Orbisoko sendi batzuen etxetik zetorrenean bero-bero eta ondo janda.
Haren balentriak ezagunak ziren Nafarroa, Araban eta Errioxa erdian.
Herria hain ehiztaria izanda, beste era batean ezin zitekeen etorri zen ezbeharra. Primitibo, herriko aberatsenetarikoa, igandero bezala, galaperretara irten zen bere txakurrarekin, “el gamoko” izeneko zortziko perdigoi kartutxoak sartu eta handik bi minutura bere ondoan hegaztien zarata entzun zuen, bi tiroko eskopeta berria besazpitik hartu, uheletik estu-estu atxiki zion, buelta eman eta ondoko artosoroan bi tiroko zarata hotsekin, kaka egiten ari zen emakume baten garrasiekin nahastu ziren.
Perdigoi indargabetu batzuk, arestian Zaragozako Magisteritza eskolan karrera egindako Resurreren ipurdiaren kontra egin zuten topo, perdigoi batzuk azala barruan sartuz.
Zoritzarra herriarentzat!
Herri osoarentzat!
Garesti ordaindu zuen herriak Primitiboren okerra.
Konponketa erraza bezain kaltegarria aurkitu zuten. Berrogei eta hamar urterako zaletasun gabeko andereño izendatzera behartu baitzuten. Ezagutzen zuen hezkuntzaren filosofia bakarra makila eta odola zen, eta horren ondorioz ume gehien-gehienak alfabetatugabekoak irten ziren eskolatik.
Zorrotzak ziren haren zigorrak zumar makila fin batez jotzen zituen esku ahurrak eta buruak.
Akabo, betiko herrian hezkuntza ofiziala.
6. Ihesa
Herria, harana hortxe dabiltza, jan, edan eta bakea eman esaerari men eginda. Inguruen zaintzaile lasaiak diren txerri, behi, zaldi, ardi, ahuntz taldeak belar bazkan; horien antzera dabiltza zeruetan zelatari diren hegaztiak, bereziki harrapalariak eta txolarrak, oreka apurtu ez dadin arduratzen.
Errepublika garailean urak nahasiak etortzen hasi ziren. Ideia eta ideologia ugari han eta hemenka zabaltzen joan ziren. Ez beste leku batzuetan bezain ugariak, baina bai jakin-mina sortu ziren herrian. Harik eta gazteak aztoratu arte.
Azueloko lehengusuak mezua bidali zion. Odol ahaide hurbil ez zen arren bi familien arteko harremanak aspalditik zetorren. Aspalditik familien berririk garrantzitsuenak trukatzeko txakurra erabiltzen zuten. Txakurrari lepoko uhalean paper batean mezua lotuta, ordubete eskasean bueltan erantzunarekin txakur fina eta lehiala zeukaten.
Arratsalde horretan, bi herri arteko hamar kilometroak ahalik eta azkarren egitera Azueloko familiak bidali zuen. Txakurra etxera etorri zitzaigun eskualdeko eskuindarren batzarrean hartutako erabakiarekin.
Arratse batean, ez ohiko orduan, txakur txiki pintaduna etxera heldu zenean amak laztandu zuen bitartean lepoan zekarren papera hartu zuen, irakurtzen ez zekienez, ziztu bizian zazpi urteko arrebak guregana bidali zuen. Gabino herritik ihes egin behar duzu. Lehenbailehen. Denbora galdu barik. Hiru izen aipatu dira eskualdeko biltzarrean: Gabino, Eskolastiko eta Martzelino.
Kasu! Anaia zaharrena mezua irakurri orduko hasi zen altuenaren kontrako jarduten. Gazteenek egundo entzunda gabeko biraorik gogorrenak aditu behar zituzten.
Gari igitaia, zoketa babeslea eta lastozko kapela lerroko lanean utzita, inori fitsik esan gabe, diosolik gabe, begiez aitaren adostasuna jasotzeaz bat, poltsikoan zeukan zapia atera lau korapilo egin eta buruan paratuz etxerako bidea hartu nuen. Hamabi urteko anaia Eskolastiko eta Martzelinorengana joan zen denbora galdu barik Azuelotik ekarritako berriaren jakitun izan zitezen. Kilometro bateko bidean zer egin, nola ihes egin arrapaladan zetozkidan galderei nola erantzun ez nekiela egon nintzen. Autobuserako edo trenerako dirurik ez guk, eta oinez joan beharrez aise ohartu nintzen.
Dagoeneko etxeko ezkaratzean zeuden denak, ama, emaztea, seme-alabak, anaia-arrebak ni ikustean amak aitaren egin zuen, gero beste guztiek. Ama eta Frantziskari okerrena etorri zitzaion burura, baita bete-betean asmatu ere. Zuzenean tristuraz baina musuan irrifarrez behebarrura amaren atzetik sartu ginen, duda-mudan zer hartuko. Berokirik beroena, artilezko galtzerdirik sendoenak, mendiko botak, buru-beroki berriena zorroan sartu nituen, baita bi labanak ere apartatu nituen. Amak anartean lau korapiloko zapi karradun batean ogi, lukainka eta urdaia prest zituen.
Badago sekula ahaztuko ez zaidan egun bat, ihesa egitea erabaki nuen egun hau. Txapela buruan, aiztoa gerrikoan eta bi txanpoi poltsikoan mendiko bideari ekin nion. Hango tristura hartu gintuena!
Buruan Pirinioetako muga zeharkatzea besterik ez baneukan ere, lehendabiziko hiru asteak Lokiz mendizerrako ondo ezagutzen nuen harkaitz zulo batean gordeta egin nituen. Trankil egon arren bi ordu jarraian baino gehiago ezin nuen lo egin, azkenengo gau izango zelakoan nengoelako. Aralarreko bidea hartu baino lehen Narkue herrira jaitsi nintzen, siesta ordua aprobetxatuz, kalean neska-mutiko batzuk baino zeudenean, eskegita zeuden praka eta kuadradun alkandara zahar bana lortu nuen. Lana harana bistatik galtzean malko bat erori zitzaidan aurpegian behera.
Bide orokorrak, gizasemeak eta herriak saihestuta bidezidorrrak hartuta gauez bidea egiteari ekin nion. Hiriak eta herriak ez zeharkatzeko saihesbideak hartu behar nituen. Egunez, aitzitik, basoko arbolen artean edo harkaitzetako zuloetan mugitu barik atsedena hartu nuen. Aralarreko mendian nora ezean egindako hamabost kilometroak atzera egin behar izan nituen. Eta ez zen izan lehendabiziko aldia eta ezta azkenengoa ere!
Ezuste handirik gabe, Errusia izeneko haranetik –Lanako haranetik, alegia- irten nintzenetik hirurogei gau-egun neramatzan Pirinio inguruetara heltzear nintzeneko seinaleak ageri ziren, ongi oroitzen naiz gau hartaz, artean hogeita bost kilometro edo, falta zitzaidan muga heltzeko. Egunean zehar Guardia Zibil, txapelgorri, giza harrapalari, salatari ugari bistan neuzkan. Kraska-kraska orbelaren gainean luze egon nintzen, erne, zer entzungo, zer ikusiko. Ordu laurden bat mugiturik gabe. Ez aurrera ez atzera, han ezpel sorta baten atzetik, aurreko egunean iragan nuen babeslekura itzultzea erabakitzekotan nengoenean, uso talde baten hegazka egitearekin bat basurde talde bat nire aurrean korrika hasten denean! Hiltzeko moduko sustua hartu nuen.
Goizeko hamaiketan goseak esnatu nau, ogi gogorra izan ezean ez neukan zer janik. Sabel hutsa marmar neukan, laban txikiaren txotxa zorrotzeari ekin niola sekula ere ikusi gabeko halako sugea ondo-ondoan zebilen. Aiztoak gerritik atera eta buru ondoan sartu nion, hor gelditu zen ordu laurden lurraren kontra iltzatuta. Aspaldiko partez bapo gelditu nintzen.
Hogei kilometro egiteko lau gau behar izan nituen. Guardia Zibilez josita baitzeuden mugako inguruak. Bi pauso egin eta barrandan geldirik gelditu behar. Gutxien uste nuenean abarrotsa gertu aditu nuen, gaitzerdi gau iluna zen, zarata pago baten atzetik etorri zitzaidan. Edozein animalia izango zela pentsatu arren, zaldiren bat putinka edo, gihar bat ere mugitu barik iraun nuen hasieran, bi pausu emanda ez neukanean argitxoa ikustean korrika hastearekin batera alto entzun baino lehen bi tiroren hotsa ondo-ondoan sentitu nuen. Ikararen ikaraz gutxi falta ez zitzaidan ihesean zuhaitz baten sustraiekin trabatuta gelditu nintzen eta gutxi faltatu zitzaidan ez jausteko. Indarrak bildu eta gogoz eta gogor ekin nion ihesari.
Bi Guardia Zibil orpoz orpo nabaritu nuen, haien tiroren sugarrak ondo-ondoan ikusi ere egin nuen, baita bolboraren usaina ere hartu nuen. Arrisku gorrian nengoela, haien hatsak garondoan aditzeko zorian nengoenean, erauntsia ari zuen. Hango txaparradarik! Zabatzailea!
Euria hezurretaraino heltzeko unean, burua abaildurik, lasterka eta urduritasunaren ondorioz unatua, guardia zibilen beldur nintzenean; senak eskuineko bidea hartzeko agindu zidan, zulo menperaezin batera ailegatzeko, gehiago ezinean izanda, han etzanda loak hartu ninduen, gertatutzen zela gertatzen zela.
Aste bat gordeta eman nuen. Babeslekua ezin hobea izanda bospasei saio muga zeharkatzeko egin eta gero, mugako zaindarien segadan bi aldiz erori ondoren. Heriotza hain gertu ikusteak atzera egin behar nuela garbi ikusi nuen.
Konturatu gabe Bilbotik Santanderreko Probintzian neure burua aurkitu nuen. Herriz herri, kalez kale, etxez etxe, atez ate “alabado sea Dios” delakoari esker ogi mutur lehor batzuen truke lortu nuen. Kantabriako bazter guztiak ibilita, eguerdian Iruzeko lehendabiziko etxean ate joka nenbilenean, txakurren uluen artean gizaseme heldu bat agertu zitzaidan atarian sei edo zazpi umez inguratua. Sutondo ederrenera eraman ninduen, suari begira gelditu nintzen une batez baino ez, txamarra bustita aulkian utzi zidan lehortzen. Subajuan hiru enbor zeuden. Aurpegia eta eskuak jaboiz ondo garbituta atzera su ondora fitsik esan gabe eraman ninduen. Platerkada bat babarrun bero mahaigainean atera ez zidanean!
- Gehiago.
- Estimatua nago, eskerrik asko.
- Bapo jan nuen. Baita bero-bero lo egin ere.
Bederatzi hilabetean hainbat eta hainbat ezbehar pairatu nuen, hezetasuna hezurretaz jabetzear nengoela, hotzak jota, gorputza til-til, eskuak gau batean mugitu ere ezinean nenbilela paisanoz jantzita zeuden ustezko bi Guardia Zibilek galdera inozo sorta luzatu zidaten. Bat-batean bertatik bertara atzera sentitu nuen arrisku gorrian. Dena delakoa edo hotzak dela eta, gauza da ez nintzela batere fin ibili.
Xaloarena egiten saiatu arren. Beldur nintzen galdera inozo-zital batzuez baliatuz harrapatu ez ote ninduten. Gezurretan esaten ari zenaren susmoa hartu zidaten.
- Bai, bai harrapatu naute.
- Nireak egin du.
- Zirt ala zart.
- Senak ahalik eta azkarren erabakia hartzeko eta ihesari egiteko agintzen dit.
Ihes egin beharko dut. Makisera pasatu-ez pasatu egon nintzen egun haietan. Burura etorri zitzaizkidan herriko aberatsekin edukitako eztabaidak.
Aberats eskuindarren hitzak burura etortzen zitzaizkidan: zu Gabino ezkertiarra? Errepublika, bandera gorria, horia eta morea zer den, zeinena den ez dakien batek, errepublikanoa? Komunista? Anarkista izatea? Bai zera.
Oroitzapen hauek eta herrian utzitako familia: emazteaz, seme-alabez, anaia-arrebez eta lagunez oroitzen hasi nintzen Makisera pasatzeko ideia hori burutik kendu nahian.
Gerardo Luzuriaga
22:49 | Permalink | Comentarios (0)
Los comentarios son cerrados