Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

20/03/2009

Zentsura Nafarroako Liburutegietan.

 

Nafarroako agintari politikoek liburutegien aferan egindako  hanka sartzea atera nahian ibiltzen badira ere, arriskua daukate gorputz osoa sartzeko eta lokatzetan irentsiak geratzeko.

 

Barañaingo liburutegian politikoek Gara eta Berria egunkariak erosteko debekua eman ondoren,  bazter guztietatik azaldu dira kritikak, batez ere ikusi dugunean  Barañainen egindakoa Nafarroako herri liburutegi guztietara  nahi dutela zabaldu, dagoeneko Iruñeko liburutegietan ere Berria eta Gara egunkariak erosteko debekua eman baitute.

 

Aste hauetan gogor kritikatu dugu  arduradun politiko —Fermin Guillorme, Pablo Gomez, Paz Prieto— hauen jarrera,  baita zentsuratzat ere jo dugu. Betidanik, askatasun esparrua izan diren liburutegiak haien esanetara jarri nahi baitituzte,  herri liburutegietan  zer irakurri ahal izango den erabakitzen baitute,   liburuzain profesionalen eta erabiltzaileen duintasuna zapaltzen baitute, azken finean irizpide teknikoak baztertzen baitituzte beraien irizpide politikoak jartzeko.

 

EAEn duela urte batzuk, herri batzuetan, nik dakidanez, antzerako jukutria gertatu  zen, —honekin ez dut esan nahi gaur ez dela gertatzen— Unescoren adierazpenak argudiatu genituen, eta eragina eduki zuenez, ea kasu honetan  Nafarroan ere zorte bera daukagun!

 

Unescoren liburutegien adierazpenek informazioa eta ideiak eskuratzeko askatasuna bermatzea daukate oinarri. Ikus ditzagun zer-nolako aginduak diren: liburutegietako zerbitzuak hiritar guztiei eskaini behar zaizkie, hiritartasuna, erlijioa, kultura, iritzi politikoa eta sexua kontuan hartu barik;  funts publikoekin finantzatutako oinarrizko informazio-zerbitzuak, materialak eta tresnak doan eskuratzeko aukera izango dute erabiltzaileek, eta erosteko ahalmena edozein izanda ere, erabiltzaileen komunitateko kide guztiek eskubide berak izango dituzte;  materialak eta baliabideak aukeratzerakoan, bertako komunitateen aniztasuna hartu beharko dute kontuan, eskainitako formatuei, hizkuntzei eta edukiei dagokienean; liburutegi bateko bildumaren garapena, liburuzainaren irizpide profesional independentean oinarrituko da, eragin politikoak, alderdikoiak, komertzialak edo bestelakoak kontuan hartu gabe, gutxiengoei euren hizkuntzan dagoen materiala eskainiko diete, material hori, bertako kulturarekin lotuta eta euren komunitate zabalagoaren kulturan ilustratuta egongo da, hau ere bertako hizkuntzan.

 

Antzerako arrazoibideak ikusita Nafarroako arduradun politikoek bere horretan eusten badiote ere, atzera egin dute eta beste argudio batzuk erabili dituzte. Gauzak horrela, Nafarroako liburutegietan eguneroko prentsa erostearen ardura udalei dagokiela edo aipatutako egunkariak ez erosteko  arrazoiak ekonomikoak direla  adierazi  du  Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak.

 

Lehen konbentzituta bageunden Nafarroako liburutegietan Gara eta Berria egunkariak ez erosteko erabakia erabat politikoa zela, zer esanik ez argudio ekonomikoa erabiltzea erabaki dutenean. Egunkari batek euro bat inguru balio du. Urte osoan asko jota 800 € gastatuko dute aipatutako bi egunkariak erostean. Benetan, arrazoi ekonomiko hau penagarria iruditzen zaigu, batez ere 800 € horiek 22.000 biztanle inguru artean banatu behar dituenean. Asma ditzatela aitzakia aproposagoak, edo  isil daitezen.

 Gerardo Luzuriaga

 

Comentarios

El argumento esgrimido por las autoridades se cae por su propio pie. Si no existe presupuesto por qué tienen que ser obligatoriamente Gara y Berria los que se dejan de comprar y no otros? Se les ve el plumero, y no saben como disimularlo.

Anotado por: Kepa | 23/03/2009

Los comentarios son cerrados