24/02/2021
Hizkuntza Politika
Hizkuntza Politikarako sailburuari, leialtasunez, diferentziak diferentzia
Ekonomia, enplegua, osasuna, ingurumena.. gaizki badoaz, hala esan behar zaie herritarrei. Zergatik ez gauza bera euskararen estatusaz ari garela? Guk badugu "non begiratu eta non kopiatu", i tant! Ez gara bizi mundutik aparte.
Zupiria sailburuak idatzi mamitsua kaleratu du Euskararen Egunaren biharamunean. Salatu du, lehenik, 1982ko Euskararen Legeari lerro bakar bat ere ez ziola eskaintzen euskarazko Wikipediak. Eta bere salaketak emaitza onuragarria izan du, dagoeneko Euskararen Legearen azalpen zabala ageri baita bertan, Euskararen Egunak lau lerro flakotara mugatuta jarraitzen badu ere. Herraren eta mesfidantzaren eragina aipatu ditu, eta litekeena da, oso gaitz hedatuak baitira alde batean eta besteetan. Hala, diferentziak diferentzia baina leialtasunez, idatzi hau helarazi nahi genioke.
1982ko Euskararen Legeak herritarroi euskara erabiltzeko eskubidea eta herri aginteei eskubide hori bermatzeko betebeharra ezarri ziela adierazi duzu. Bada, euskaraz jardun ahal izateko oztopo handiekin egiten dugu talka ia berrogei urte geroago. Eta ez soilik eremu pribatuan (era guztietako saltoki handietan adibidez), ze Espainiaren menpeko erakunde publikoetan euskaraz jardun ahal izatea utopia baita oraindik ere, baina EAEko erakundeen menpeko Ertzaintzaren, Osakidetzaren, Bilboko edo Gasteizko Udaltzaingoaren eta abarren aldetik euskarazko arreta jasotzea ausazko ariketa baita oraindik ere, batzuetan besteetan baino gehiago, eta ez luke izan behar: erakunde publikoek, herritarrek eskatu gabe ere, bermatu egin beharko lukete euskarazko arreta eta euskararen aldeko jarrera aktiboa agertu lehen hitza euskaraz eginez, herritarrak euskara erabiltzera adoretuz, mendeetan alderantziz ezarritako jokabidea konpentsatzen hasteko behinik behin.
Gezurra badirudi ere, EAEko Administrazio Orokorrean euskararen erabilerak oso apala jarraitzen du izaten, eta horren ardura agintarien borondaterik ezean datza gehienbat.
Euskaraldia eta Ariguneak aipatu dituzu gero: “euskara erabiltzeko oztoporik gabeko gune lasaiak eta poz handiak ekarriko dizkigutenak”. Baina gaude, etsenplu eman beharko lukeen Eusko Jaurlaritzak berak ez dituela ariguneak sortzeko aukerak behar bezala baliatzen.
Ematen du, Eusko Jaurlaritzak Euskaraldia bultzatzen duela ez dakarkiolako konpromiso zehatzak hartu beharrik, guztia baita "borondatezko" eta emaitzak neurgaitzak (edo parte hartzaileen pertzepzioaren araberakoak), eta horrela itzalean geratzen baitira erabilera sustatzeko neurri zehatzak, arduradun politikoen ardurak, eta hizkuntza politika bera finean.
Bestalde, Euskaraldia prestatzeko lanak lankidetzaren eredu izan direla diozu. Eusko Jaurlaritzatik kanpora izango ziren eredugarriak, izatekotan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako sindikatu euskaltzaleekin, ehunka afiliatu eta jarraitzaile dituzten arren, Jaurlaritzak ez du lankidetzarik garatu nahi izan, eta Euskaraldiaren antolaketatik erabat kanpo utzi ditu.
Kanpoan erreferentziarik ez daukagula diozu: ez dugula non begiratu eta nondik kopiatu, eta euskarak diskurtso positiboak behar dituela. EJren bozeramaile gisa, jakin beharko zenuke Jaurlaritzaren lehenengo eginbeharra (etikoa ere bai) egia oso-osorik kontatzea dela, maskarak covid-19arentzat gordeta. Ekonomia, enplegua, osasuna, ingurumena.. gaizki badoaz, hala esan behar zaie herritarrei. Zergatik ez gauza bera euskararen estatusaz ari garela? Guk badugu "non begiratu eta non kopiatu", i tant! Ez gara bizi mundutik aparte.
Gure arazoak logika orokor batean analizatzekoak dira, kanpoko beste esperientziak eta metodoak aztertuz eta kontrastatuz (batez ere gu zapaltzen gaituen bota berberak zapaldutako beste komunitate batzuenak), eta horretarako, kontzeptu zientifiko eta, beraz, unibertsalak baliatu behar ditugu, esentzialismoak alde batera lagata. Katalunian ere –non eta Katalunian–, adibidez, oso kezkaturik daude katalana Bartzelona hirian eta metropolian %19k baino ez darabiltelako. Gu erabileran askoz beherago egonik, lasai arraio, patxada ustelean! Bide batez, zintzoki gomendatuko genizuke irakurtzeko unibertsitateko eta "katalangintza"-ko 30 adituk azaroan katalanaren geroaz azaroan idatzi duten artikulu-sorta (Vilaweb). Ikusiko duzu hizkuntzaren egoera larriaz alarma jotzea eta kontzientzia hartzea (eta harraraztea) bateragarria dela pentsaera soziolinguistiko zorrotzarekin eta ikuspegi zientifikoarekin.
Amaitzeko, gure artera etorri-berriek, gutxiz gehienek, zergatik egiten dute gaztelaniaren hautua? Zer-pentsa eman behar lizuke. Euskaldun berriak, eta euskara kamustutakoak euskaraz murgiltzera bultzatu nahi baditugu, egun dugun hizkuntza politika (arlo guztietakoa) asko hobetu beharra dago, etxetik hasita, hots, EAEko Administrazio Publiko guztietan hizkuntz politika zeharkakoa ezarriz, EiTB askoz euskaldunago bat eraikiz, maila guztietako Hezkuntzan euskararen erabilera sendotuz (Lanbide Heziketan premia larria) eta unibertso digitalean euskara, euskarazko kultura eta horien erabilera sustatzeko estrategiak zehaztuz, euskararen estatus egoera kaskarra estaltzeko mezu lasaigarri autoatseginezkoak bazter utzirik, horiek ez baitigute laguntzen asimilazioa eta euskararen ordezkapena borrokatzen.
Honek guztiak zer-pentsa emango dizulakoan, agurrik adeitsuena!
08:41 | Permalink | Comentarios (0)
Los comentarios son cerrados