Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

14/06/2022

Irakurle gaztea

Nazarreko irakurle berria. Una nueva lectora en Nazarirakurlea3_n.jpg

Berrotzako txiroa

XX. mendearen hasieran, Berrotzako herri batean egoera aztertuko dugu.

Gaur ekartzen dudan historia, nahiz eta agian triste samara iruditu garai hartan ez zegoen tristezarik, herri txiki hauetan alai bizi ziren, bai txiroak, bai aberatsak.

Goiko auzoko etxe batean, etxe txiki batean, 10 pertsona bizi ziren. Hiru zahar, oso zahar, gurasoak eta seme-alabak. XX. mendearen hasieran ez zen arazorik jente asko bizitzea etxe batean, denontzat zegoen lana eta baita jateko ere. Garai hartan morroi asko behar zituzten etxe aberatsetan, egunero, bai neguan, bain udan, bai udaberrian eta udazkenean esku asko beharrezkoak ziren nekazal lanak aurrera ateratzeko. Beraz, familia horretan nahiz eta lurrik ez eduki, eroso bizi izan ziren, ezer sobera ez bazeukaten ere, falta ere ez zuten ezer sumatu.

Herriak, gainera, bazeukan herri-lursoro propio batzuk, auzolagunen artean banatzeko, batez ere txiroen artean. Lur asko ez baziren ere, familia guztiek zeukaten lursoro bat garia ereiteko, eta beste lursoro bat askoz txikiago baratz moduan erabiltzeko, hori bai, herritik bi kilometrora.

Gauzak horrela, herria orekatua eta paketsua mantentzen zen; gainera belaunaldiz belaunaldi familia guztiek bere rola bereganatuta zeukaten. Alkatea eta udal agintariak beti familia jakin batzuetatik irtetzen ziren, artzainak, ikazkinak, morroiak, etabarrak beste familia jakin batzuetatik. Herrian oso gutxi aldatzen zen belaunaldi batetik bestera.

Giro bukolikoa ez izan arren, dena hasi zen hankaz gora jartzen nekazal mekanizazioarekin. Mekanizazioak aurrerapen handia ekarri zuen batzuentzat, baina beste batzuentzat, berriz, hondamena ekarri zuen. Etxe aberatsetan peoi gutxiago behar izan zuten, ez zegoen lanik denorentzat, eta familia txiro hauetako balizko langileak egonean pasatzen zituzten egunak, alferkeriak gainditu zuen herria.

Azkarrenek edo diru pittin bat zeukatenek laster ihes egin zuten herritik. Hasieran gazteenak, gero helduak. Baina familia batzuentzat ez zen izan erraza, batez ere aiton-amonak bere kargurako zeukatenentzat , edo seme atzeratuak zeukatenentzat hirietako bidea hartzea. Hori hain zuzen ere, izan zen gaur kontatzen dugun kasua. Seme-alaba guztiak Bilbora, Durangora, Tolosara, Donostiara joan ziren lan bila, eta baita aurkitu ere. Baina, etxe horretan gurasoak, gizonaren gurasoekin eta seme atzeratuarekin herrian geratu ziren. Urte bat ondo iragan zuten; baina ezbeharra sortu zen etxe horretan, gizona bat-batean bihotzak jota hil zenean, familia errekurtsorik gabe geratu zen. Hurrengo neguan hil ziren gizonaren gurasoak, biak jarraian, aste berean. Alargunaren egoera jasanezina izan zen, eta bere semearekin batera herriz herri irten ziren eske. Egun hortatik aurrera, ez zuten egun bat ere onik eduki, hotza ez zegoenean, bero izugarrizkoa, elurra edo txingorra, eta ahora eramateko janari eskasa baino eskasagoa. Bere bizimodua erabat okertu zen, gehienetan bideetan lo egin behar zuten, ama eta semea, bata bestearen ondo-ondoan. Ama egun batean, hotzak jota bide ondoan hilik agertu zen eta semea Iruñeko inklusara eraman zuten.