17/09/2025
Berrotzako iheslariaren iritzia
Pruden Gartziaren iritzia
Igandean hasi eta oraintxe amaitu dut azpiko liburua. Zaila da iritzi orekatu bat ematea, idazlea aspaldiko laguna da eta hau bere lehen eleberria, jubilatu ondoren idatzia. Baina salto egingo dut piszinara: hitz batez defini daiteke, BIHOTZA. Hots, niri bihotzak gainezka egin dit irakurri ahala.
Hasieran motel xamar abiatzen da, poliki-poliki erritmoa hartu eta igotzen joateko, amaieran gainezkaldi osoa gertatu arte. Zeren niri bihotza ukitu badit da, ziur aski, idazleak berak bihotza jarri duelako liburuan, beste ezeren aurretik eta gainetik. Zeren Gerardok bere jaioterria zer den kontatu nahi digu, Nafarroako hegoaldeko Nazar herrixka, Berrotza haranean.
Beste Obaba bat, hortaz? Bai eta ez. Zentzu askotan Obaba eta Nazar oso antzekoak dira, baina Gerardo nekazarien semea da, bihotzez nekazari, erraitaraino. Beraz, teknika literarioz arduratzen bada ere, ez da Atxaga bat, ez da idazle profesional bat, bere bizitza mahai gainean jartzen duen nekazari bat baizik. Hortaz, aita Zabalaren Auspoa bildumako lan baten aurrean ote gaude? Ez, inola ere ez. Gerardo nekazaria da, baina bihotzez, ez ekitez; herentziaz, ez jardunez. Gerardo, ni bezala, bibliotekari bat da, asko irakurri du, kultura benetan zabala dauka... baina bere herriaz hitz egiten duenean, bihotzak agintzen dio. Hala ikusten .dut nik liburu hau irakurri ondoren.
Beraz, jakin nahi baduzu zer zen Nafarroa hegoaldeko herrixka baten bizitza azken ehun urtean, ia-ia gaur arte, irakurri liburu hau, eta bihotzeraino ailegatuko zara, ia konturatu gabe. Hori da liburuaren balio nagusia, nire aburuz. Ez bakarra, haatik.
Izan ere, Atxagaren eta aita Zabalaren artean dantzan ibiltzea ez da erraza, eta Gerardok batzuetan alde batera jotzen du, bestetan bestera. Hori bai, liburuak aurrera egin ahala estiloa, kontakizuna, protagonistak... gero eta sendoagoak dira, aldi aldi berean "benetakoak" eta "literarioak", literatura lan on batean kategoria biak bereizterik ez dagoelako. Hemen ere ez. Bereziki hunkigarriak, nire begietan, nekazarien emakumeen bizimoduari dedikatzen dien hausnarketak; bereziki hunkigarriak ere Benito herrikoseme faxistaren harira idazten dituen pasarteak, esaten duena eta hitzez esaten ez duena (bai adierazten, ordea).
Enfin, hasieratik esan dizuet ni hunkitzea lortu duen liburua dela, ez dakit oso ondo zergatik, baina hala da. Agian, beharbada, euskaraz dagoelako eta nire bihotz abertzalea errazago hunkitzen delako horrela, kontatzen dituen gauza gehienak, nire gogoan, nire bizitzan, gaztelaniazko mundu batekin zuzenean konektatuta egon arren. Baina hori da literatura, ezta? Eta ez daukat beste ezer esateko. Biziki gomendatzen dizuet.
19:59 | Permalink | Comentarios (0)
Dejar un comentario