Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

06/06/2005

Kostalera : Bi isurialde, herri bat

2002ko martxoaren 10ean, Kodes mendikateko kostalera gailurrean postontzi bat jarri genuen mendizale batzuok, honako goiburuarekin: bi isurialde, herri bat.
Goizeko 8:30ean, tontorrera abiatu ginen hogeita bost lagun, Ibernaloko baselisatik. Porlana, harea eta ura denon artean banatu ondoren, Kostelerako gailurreraino garraiatu genituen, ezpelek, pago bakan batzuek eta sasiek ezkututako bidezidorretik joanda. Helmugara iritsita, igeltseroak lan egin bitartean, gainerakook hamarretaka egin eta paisaiaz dastatzeko aukera ezinparegabea izan genuen, betiere inpernuko soinuak lagunduta. Ondo-ondoan genituen aspaldiko lagunak, pago eta haginak, gurekin behinolako akelarreak gogoratu nahian. Ondoan Joar. Bertatik bertara, Gorbeia, Lokiz, Urbasa, Aizkorri, Monjardin, Jurramendi. Urrutiago, Auñamendiak, Demandako mendikatea eta Moncayo, begi bistan.
Odron eta Ega ibaietako ordokiaren gainean Kostalera dugu jaun eta jabe. Araba eta Nafarroaren arteko muga kokatua egon arren, sekula ez da izan oztopo sortzaile. Bi probintzia (Nafarroa / Araba), bi haran (Kanpezu / Berrotza), bi herri (Kanpezu / Nazar), batu dituen ibilbide naturala izan da. Mendeak joan mendeak etorri, duela gutxi arte, Nazarreko mendate horretatik gurdi, mando, asto talde ugari igaro dira bertatik. Erromatar garaitik, Arabatik Erriberara joateko, pasagunerik garrantzitsuena izan da, eta ondorioz, bi haranen arteko harremanak estu-estuak izan dira.
Mendi honetan oso garrantzitsuak izan dira ikazkintza eta artzaintza. Lanbide horietatik datozkigu, agian, ¡nguruetako mendien izenak: Joar eta Zintzarri harkaitza. Hortxe dabiltza beheko lurretan, jan, edan eta bakea eman esaerari men eginda, inguruen zaintzaile lasaiak diren txerri, behi, zaldi, ardi, ahuntz taldeak, belar bazkan; horien antzera dabiltza zeruetan, zelatari grinatsuak diren hegazti harrapariak, bereziki arranoak,oreka apurtu ez dadin arduratzen.
Mando taldeen joan-etorriak desagertu arren, geroan ere, Kostalera gailurrak iragandakoaren oroigarri, lekuko babesle eta ikurra izaten jarraituko du sekula sekulorum!
Joarkide

Comentarios

2003ko apirilean berriro jarri genuen kendutako arranoa. Kodes mendikateko Kostalera gailurrean berriro mendizale andanak erauzi eta ondatutako postontzia txukundu genuen. Aurten Nazarretik eguraldi lagun tontorraino abiatu ginen. Espero genuen, une honetan, ez iaz gertatutakoa bezala, Araba eta Nafarroako bi isurialde honen zaindaria izatea sekulan sekulorum!

Anotado por: Herrikoia | 06/06/2005

Toleranteak.
2002ko martxoan Nafarroan eta Araba arteko mugan dagoen Kodes mendikateko Kostalera gailurrean Gasteizen bizi garen nafar (Biloria, Gastiain, Nazar, Azuelo, Kabredo, Marañon, Ulibarri) arabar (Urbisu, Kanpezu) eta gasteiztarrez osatu mendizale talde batek postontzi bat jarri genuen.
30 zentimetroko buzoiak basati batzuek apurtu eta gailurretik behera bota zuten. Aurkitu eta txukundu ondoren atzera jarri genuen.
Orain dela zazpi hilabete betiko toleranteek erauzi dute, honetan ez dugu lortu aurkitzea.
Zer traba egin zezakeen 30 zentimetroko buzoi paregabeak? Eguzkilore distiratuak, frontoi txiki batek, postontziak berak eta arrano beltzak?
Ikazkina

Anotado por: Ikazkina | 07/06/2005

Los comentarios son cerrados