Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

01/09/2009

Eskolapioetan (II)

Egun osoko mugimenduak apaizen kontrolpean geunden, ez geneukan segundo bat ere askatasunerako, beti begirale batzuen menpe. Den-dena zagoen aurretik antolaturik, hogei minutu aurpegia, ontzak garbitzeko eta ohea egiteko. Gero eguneroko mezatara, gosaria, glasea, atsenaldia, beste bi klase, bazkaria, ordu bat erdiko atsenaldia, beste bi klase, hiru ordu laurdeneko atsenaldia, arratsaldeko otoitzak, ordubeteko estudioa, errosarioa, afaria, azken ordu erdiko atsedena, hamar minutu txisa eta hortzak garbitzeko eta lo. Hurrengo egunean segunduz segundu errepikatzeko…

 

Klaseak jasanezinak egiten zitzaizkidan, herritik ekarritako formakuntza ezin eskasagoa baitzen. Erresure andereñok irakurtzera, gehiketak eta kenketan justu-justu erakutsi behar zizkidan. Lehenengo ebaluazioaren notekin ailegatu zitzaidan ikasketen buruhasteak, hots ez gainditzea eta zigorrak. Igandeetan gainditu ez genuenok besteek telebista ikusten zuten bitartean guk hiru orduko zigorra jasan behar genuen, ikasten eta komunetako garbiketak egiten.

 

Logika eta arrazoiamenduak ikasteko gaietan baliogarria izan beharrean debekatuta zegoen. Memoria baino ez zeukan baliorik, dena buruz ikastea zen irakasleen metodologia eta gustua. Klaseak zutik eta klaseen hormeen inguraturik ematen genuen, notak, beraz,  ez ziguten jartzen genekienen arabara, baizik eta non geunden kokatuta borobil horretan, ikasleen arteko leihaketa bortitza bultzaraziz.

 

Egunez egun moldeatu gintuzten, ordena, disziplina eta obedientzia ziren ikastegiko balioak eta bertudeak. Patioaren hormak ere asko lagun zuten moldaketa lortzeko. Lizarratik aislatuak geunden. Faltan geneukan txorien txioak, zuhaitzen itzalak, soilik noizean behin, bi astean behin atera gintuzten ikastetxetik inguruetara buelta bat egitera, bi ilaratan jarrita bata bestearen atzetik, ilara galdu barik, batzuetan karreteratik gora Bearin herriraino ailegatzen ginen.

 

Gabonetako oporrak ailegatzear zeuden, hiru aste ez zeuden falta. Honez gero, apaiz guztiak ezagutzen genituen, baita haien gustuak, bitxikeriak eta apetak ere. Oporren giroaren ailegatzearekin batera ikasleen urduritasuna nabaritu zen. Giroa gaizkotu zen, bagenekielako oporrekin batera ikasle batzuk herrira betiko bidaliko gintuztela.

 

Gezurra iruditu arren, denok sentitzen ginen tentsioa, inor ez zegoen ziur, denok geneukan aukera ikastetxetik botatzeko. Ailegatu zen eguna etxera joateko, oso gutxik izan ziren begirik biltzeko gai gau luze horretan, gure klasetik bi umeri esan zioten arropa guztia har zezaten, eta oporretatik ez bueltatzeko. Ikastetxetik hogei ume bota zituzten. Hamabost eguneko oporrak amen batean igaro ziren. Haur bat ez zen etorri.

 

Ikasturtea aurrera zihoan, ailegatu ziren aste santuko sermoi beldurgarri eta ilunak, heldu zen maiatza, eta udako eguzkiaren izpiekin batera benetako azterketak, Iruneako Principe de Vianaren Institura joan ginen azterketak egiteko. Azterketak ezin erragagoak egin zitzaizkigun, gutariko baten batek utzi zituen gairen bat, gainontzekoek dena erraz gainditu genuen. Ekainaren 7rako herrian geunden aske uda osorako.

 

Ordurako apaizen nahi zuten moduan moldeatuta geunden. Bereganatuta geneukan hamaika aldiz entzundako apaizen hitzak: Jainkoak aukeratu gintuen munduaren gatza izan gintezen, Jainkoak itsasoan bota zituen sareak eta gu izan ginen aukeratuak. Horrez gero ezin genuen huts egin, kale eginez gero pekatu larria zen. Honez gero erantzukizuna gurengan zegoen.

 

Egia esateko konturatu orduko ailegatu zen urriko 3a, eta berriro burdin ate aurrean aurkitu genuen betiko apaiza harrera egiten. Urteak joan urteak etorri arren ikastetzean aldatu zen gauza bakarra trena izan zen, Maltzagatik zetorren trena uda batean bertan behera gelditu zen. Falta sentitu genituen trenen txistuak, zarata eta hormen mugimenduak. Halaber, mailen ikasleen kopurua urtez urte murrizten zihoan.

Gerardo

Los comentarios son cerrados