Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

14/09/2009

Eskolapioetan (IV)

 

 

Ordurako 30 ikasle baino ez geunden gure mailan, denok gela batean. Herritik  bueltatzean herriko minak jota nengoen. Galdetuz gero, zeren falta nengoen, ez nekien zer erantzun. Zentsazio material eza  baino gehiago espiritual eza baitzen.  Haize falta, dena eta ezerren falta zentsazioa neukan. Indarrik gabe, gogorik gabe nenbilen.  Ez zen herria, ez zen herriko jendea, ezta animalien falta neukana, hori eta askoz gehiago zen. Dena berdin zitzaidan, zer demontre egiten nuen leku arrotz horretan galdetzen nion neure buruari?

 

Hirugarren kurtsoan erizain nagusia izendatu ninduten. Bi laguntzaile neukan. Ardura handiko eta prestigiozko lanpostua zen, apaizen konfiantza neukan seinalea zen . Emiliano anaia zen eritegiko arduraduna, medikua oso gutxitan zetorren. Urte osoan hiru aldiz baino ez zen agertu. Gaixoen sukarra, eta gaiontzeko sainketak gure esku zeuden. Anaiak errezetatzen zituen medizinak, eta ni nintzen emateko ardura neukana.

 

 

Askatasunik eza, ordena eta obedientzia ziren urrezko arauak. Logika eta arrazonamientuak ez zeuzkan lekurik ikastetxe berezi horretan. Esandakoa egitea zen beharrezkoa bezain ezinbestekoa. Agintariek eskailerak behetik gora garbitzera agintzen balute ere horrela egin behar zen, ezer gehiago pentsatu gabe. Horrelako arauak ez ziren soilik ikasleentzat, baizik eta komunitateko apaizak ere arau horien mende bizi ziren. Beraz, ez zen harritzekoa, apaiz guztiak ikasleentzat berdinak iruditzea, agian ideologiaz eta ideiaz desberdin izan arren.

 

Kontzientzia gaixotarazi gintuzten, debekatuta geneukan eskuak poltsikoan eramatea, lo egitea eskuan estalita izaren artean. Pentsamenduak ere ez ziren libratzen, pentsamenduko pekatuak ere larriak ziren, ametsak ere pekatuak ziren, baizik eta sexuaz amesten bagenuen buruan bageneukala edo pentsamenduek ordezkatzen zituen ideiak irrikitzen geunden seinalea baitzen. Gauzak horrela pekatuan ez bizitzea zaila zen, eta egoera horretan hilez gero, zuzenean infernura joateko beldurraren mende bizi ginen.

 

Apaizen sermoiak, batez ere iluneko eta beldurreko Aste Santuko sermoiak beldurgarriak ziren, gehien aipatzen zuten hitza heriotza zen. Edozein unetan etortzen zena zen. Alferrik zen, portaera ezin hobea bizitza osoan eramatea, Jainkoak deitu ziguten une berezi honetan, pekatuan izanez gero, nahikoa zen betiko infernura joateko.  

 

Maiatzaren arratsaldeetan santuen bizitzen liburu batetik apaizek antzerako istorioak irakurtzen zizkiguten.

 

Bataz besteko apaizen adina altua bazen ere, denok ziruditen berdinak, gazteak nahiz zaharrak, denek ematen zuten zaharrak; zigorrak jartzeko eta jipoiak emateko uneetan batez ere. Klaseak ziren apaizen erreinua, ikasleen arteko leihaketan oinarritzen baitziren. Irakasleen artean Soin Hezkuntzakoa zen okerrena, armadako  sarjentua zena, apaiza ez zer irakasle  bakarra, hain zuzen ere. Gimnasia armadako soldaduak izango bagina ematen zigun. Arrunta zen saio bakoitzean bi edo hiru haur odolaz bukatzea, apaizen bozkariorako. Animaliak izango bagina bezala tratatzen gintuen astapotro horrek.

 

Aita Felix zen patioan gehien zebilena, ia-ia atseden guztietan bera zegoen zaindari leku batetik bestera. Gaztea izan arren eskuindarra bezain atzerakoia zen. Tolosakoa eta abizen euskaldun peto-petoak eduki arren, agur hitza ere inoiz ez zigun esan. Patioan alde batetik bestera, zaindari zebilen, hogeiren bat apaizgairen inguratuta, ni barne, bere ganoragabeko azalpen sinpleak entzuten.

 

Ikastetxean jokaera fisikoa bortitza bazen, zer esanik ez jokaera moralean, bererganatuta geneukan jasoten genituen ezbeharrak Jainkoarekiko jarrera desegokia eduki izanagatik zela. Errua gurea zen. Munduan edozein ezbehar gertatuta ere, gu ginen errudunak, ezbehar horiek harreman zuzena bazeukatela gure portaera txarrarekin.  Benetan ez zen erraza filosofia hortatik at bizitzea, barru barruraino sartarazi baikintuztelako. Ezbairik gabe kontzientzia zorrotzegi eta gaixoturik sartarazi gintuzten. Pekaturik larrienak sexuaren gainekoak ziren, baina ez bakarrak, jakina.

 

Apaizentzat, eta baita guretzat ere mundua ustelduta zegoen, kanpoan gaitza erabat zabalduta zegoen. Deabrua azkarra zen, eta bere bitartekaririk onena emakumea zen. Otsailean aldean Nafarroako erriberako ikasle bati bururatu zitzaion bere herriko neska bati postala bidaltzea, margotuta omen zuen bihotza, postala harrapatu eta egun berean ikastetxetik bota zuten, ikasle guztien eredua izan zedin. Deabruak gure adineko neskak erabiltzen zituen gu Jainkoaren bidetik ateratzeko; beraz, edozein eratan neskak ekiditu behar genuen, areago, haiekin hitz egitea  debekatuta geneukan. Gizartea eta gizartearen eginkizunak hain ustelduta zegoen non anai-arreben ezteien eginkizunei joatea ere debekatuta geneukan. Nire anaia txikiari gertatu zitzaion bezala. Ahizpa zaharrena maiatzaren bigarren larunbatean  Logroñon ezkondu zen, ezteiera joateko baimena eskatu arren, ezkontzen eginkizunetan apaizgaientzat giro desegokia zela argudiatuz debekatu zuten joatea.

 

Bereziki sexuriko harreman zeuzkaten pekuatuak larrienak ziren. Pedro Boteroren lapikoetan sartzeko modukoak. Herriko sei eta hamar urteko mutilen ohiko gertaerak -neskei kuleroak ikustea, nesken ipurdia ikutzea, muxuak ematea, edo medikutara jolastea…- apaizen hitzetan pekaturik larrienak bihurtu ziren. Pulpitutik botatako istorio hurbilak kontzientziak gaiztotu zizkiguten, harik eta herriko ohiko gertaerak pekatu larri bihurtu arte. Hona hemen, kontatutako istoriotsu batzuk, mende hasieran Europako Ekialdeko herri txiki batean bi bikiak jaio ziren, biak ezin hobeak ziren, biak bizitza osoan jaunkoaren arauak hitzez hitz bete zituzten, herrian eredutzat hartu arte. Hamalau urtekin ezbehar baten ondorioz biak hil ziren, bata zuzen zuzenean Jainkoaren eskuinera eraman zuten, bestea berriz, txikitan egindako pekatuagatik, eta konfesatu ez izanagatik betiko infernura bidali zuten, bere anaiaren atsekabez.

 

Pekatu guztiak ez ziren berdinak, sexuarenaz aparte, Jainkoaren helburuari uko egitea parekoa zen. Hautatuak izan ginenok ezin genuen huts egin, gizartearen gatza izango ginenok ezin genuen Jainkoak aukeratutako bedeari uko egitea. Sesma herriko mutil batek ostegun batean ikastetxea uztea erabaki zuen, arratsaldeko autobusa hartu zuen, Allo herriko bihurgune batean autobusak irauli egin zuen. Istripua entzuguratsua iza zen Lizarraldeko eskualde osoan. Ikastetxean berriz, apaizen aldrebeseko azalpenak jaso behar genituen Sesmako apaizgai horrek Jainkoaren xedea egin ez izanagatik gertatu zen autobusako istripua. Harik eta mutil horren kontzientziaren  gainean istripuan sortutako hildakoak jarri arte, egun hortatik aurrera ikasleak markatuta gelditu ginen.

 

Gerardo L.

Los comentarios son cerrados