09/09/2010
Liburutegien etorkizuna?
Zertarako behar duzu biblioteka, internet konexioa baldin baduzu?
Horrela erantzun dit Prudenek. Antzerako zerbait jarri nuen nik aurreko artikuluan ere: zertarako Joan liburutegietara etxeetan, lanetan, tabernetan, trenetan… daukaugunean behar duguna?
Liburutegi mota asko dago, eta bakoitzak bere-beregi ezaugarriak eduki arren, liburutegiak zentzu zabalean edo oro har hartuta, aurreko artikuluari jarraipena emateko eta batik bat Prudenek egindako galderari erantzuteko azti lanari ekingo diot.
Orain arte liburutegietara hurbiltzen diren erabiltzaileek informazio bila etorri dira. Informazioa testu inpresoetan zegoelako – liburuetan, entziklopedikoetan, aldizkarietan, CDetan…- hemendik aurrera, aitzitik, sarean eskura edukiko dugu. Hortaz, ordenagailu guztietan eta ordenagailuen bitartez lor daitekeen informazioa izango da. Fenomeno berri honen aurrean hausnarketa ugari eta sakon egitea komeni zaigu. Gogoeta horiek egitera konbidatzen zaituztet. Gogoeta horiek alderdi eta profesional ugari eginda askoz aberatsagoa izango baita. Guri ere, dokumentalistei honi buruz eztabaidatzea dagokigu, hori izango baita erarik onena etorriko denari aurre hartzeko, hanka sartzeko arrisku handiak eduki arren.
Mundu hau aldatzen ari da, erabat aldatuko da, hastapenetan baino ez baikaude. Liburutegi munduan dena da eztabaidagai: lekua, espazioa, ekipamenduak, apalategiak, bulegoen mahaiak, orain arte liburuzainek hain gustuko erabili ditugun egurrezko edo plastikozko erreglak, baita sakralizatuta eduki ditugun bibliotekonomiako erreglak ere (ISBD, SHO). Den-dena hankaz gora jar daitekeelakoan nago: bildumak, funtsak, euskarriak, aurrekontuak, baliabideak, erabiltzaileak…
Uste dut (dagoeneko konturatuta izango zarete gehiegi erabili dudala uste aditza) liburutegiek dauzkaten ezaugarri (oinarri, printzipio) batzuk iraunkorrak izan beharko luketeela.
1. Zerbitzu publikoak izatea, informazioa doan ematea. Eta hori lortzea ez dago udal liburutegi, foru aldundien liburutegi, unibertsitateetako liburutegi, liburutegi espezializatuen esku, baizik eta Estatuaren esku. Estatuek antolatu behar dute politika bibliotekarioa, informazioaren sarea sortzeko. Estatuek gorde, kudeatu eta zabaldu beharko dute sarea dohain eta zerbitzu publikoa jarrai dezan izaten.
2. Kalitatezko zerbitzua izatea -oraingo eta aurreko agintariekin utopia hutsa izan arren-. Teknologia aldakorra da, urte batean onena dena, hurrengoan zahakitua geratzen da. Konexioa, gailuak, baliabide teknikoak merkatuko azkenak izan beharko dira, informazioari dagokionez leikurik garatuena eta erreferentzia izan dadin.
3. Liburutegia herrietako gune kulturala izan behar da, non giro desberdinetako lagunak bilduko diren (haurrak, nerabeak, jubilatuak, langabetuak, irakurleak…). Horretarako leku hauek hornitu beharko genituzke baliabide egokiekin herritarren behar kulturalei aurre egiteko. Leku hauetan erabiltzaileak izan beharko ziren benetako protagonista, eta zerbitzuak hauei begira izan beharko lituzkete antolatuta.
4. Dena den, haize berrien aldaketen aldekoak izan behar bagara ere, kontuan hartu beharko dugu liburutegia ez denik zibergune bihurtuko.
Laburbilduz, LIBURUTEGIEK BADAUKATE ETORKIZUNIK? ZEIN DA ETORKIZUNEKO LIBURUTEGIEN PAPERA?
1. Liburutegien paperak lehen bezain garrantzitsua jarraitzen du izaten. Sarean dagoen gehiena liburutegiek kudeatzen dute, liburuzainek prestatzen dute, dokumentalisten lan barruko eta nekosorik gabe ez litzateke sarean ezer izango. Sarea hutsik izango litzateke.
2. Erabiltzaileen beharrak ez dira izango berdinak. Hortaz, Liburuak kontzerbatzea ez da izango xederik garrantzitsuena, liburuen sailkatzea eta ordenatzea lehentasuna galduko du. Seguraski bezeroak ez dira etorriko liburutegietara informazio bila, etorriko ere badira ere. Baina bai, herrietako kulturguneak izango direla izaten, eta gune hauetan aurkituko dutela nahi dutena.
3. Ezbairik gabe, gauzak aldatzen ari dira, baina aldatzen ari dira lanbide guztietarako, eta zoritxarrez gure lanbidea, dokumentazioarena ez da izango aldaketa hauekin kalteturik irtengo den bat. Internet beti gure alde edukiko dugu, gure alde edukiko baititugu berrikuntza hori guztiak, beste gauza batzuen artean dokumentalistak betidanik ohituta baikaude lankidetzan eta sarean lan egiten.
Beraz, baikorrak izan gaitezen, eta gora teknologia…
Gerardo Luzuriaga
23:54 | Permalink | Comentarios (1)
07/09/2010
Digitalizazioa dela eta akabo dohaingo informazioa?
Liburu-sektorearen aldaketak: Liburutegiak.
Liburu arloan aldaketa ugari izan dira. Gehiago ere etortzeko zorian daude,
gutzienez inprenta asmatutako garaiko modukoak izango direlakoan nago. Izan ere,
jakin ez arren sektorea (argitaletxeak, banatzaileak, inprentak, liburudendak,
liburutegiak) nola moldatuko den aldaketen aurrean, argi ikusten dut
hobekuntzak baino ez dituela ekarriko, arazo edo kezka batzuk agertuko badira
ere.
Hona hemen liburutegiei dagozkion baten bat:
1. Informazioen lekua. Orain arte liburutegiak informazioa bildu dute,
erabiltzaileak gune honetara etorri dira informazioaren bila. Egun informazioa
leku guztietan daukagu, sarean dagoelako: etxean, lanean, tabernetan,
autobuseetan…
2. Informazioa bereiztu. Egun informazioaren bila hurbiltzen gara sareara,
egilei eta ideologiari erreparatu barik. Inprentako idatzietan ohituta gaude
bereizten egile batzuen eta besteen arteko lanak. Testua bilatu baino lehen
egilearen ideologiari edo joerari erreparatzen baitiogu. Interneten, aitzitik,
informazioa agertzen denari lehentasuna ematen diogu, egilea bigarren mailan
gelditzen da, askotan agertzen ez delako. Hortaz, ez da harritzekoa orrialde
ofizialetan, edo zientifikotzat ematen duten orrialdeetan agertzen den bertsioa
ontzat ematea ezer gehiago egiaztatu edo kontrastatu gabe.
3. Globalizazioa. Internetera informazio bila hurbiltzen diren
gehienentzat orrialde ofizialetan agertzen den bertsioa hori izango da benetako
informazio bakarra, eta inoiz ez zaie bururatuko beste bertsio batzuekin
kontrastatzea, interneten eta orrialde ofizialetan aurkitu dutelako. Hortaz,
egoera politikoak sarean dagoen informazioa inprentako testuetan dagoena baino
eragina handiago dauka. Interneterako kontuetan Nafarroa Espainia da, eta
Iparralde Frantzia, ñabardurarik izan gabe.
4. Egileen baliogutxitzea. Egile batek beste batzuen testuekin, edo
ideikin beste testu bat osatuko da, testu hori beste batek beste aldaketekin eta
gehigarriekin zabalduko da, eta horrela bata bestearen atzetik joango dira
jatorrizko testua aldatzen. Aldaketak dela eta egilearena gero eta garrantzia
gutziago edukiko du, ia inork erreparatuko dion datua izan arte.
5. Kulturaren kontzeptuaren aldaketa. Duela gutxi arte jakintsua zen
buruan ideia eta datu asko zeuzkana. Egun, dena eskura dagoenez, jakintsua
izango da hobien azaltzeko gai izango dena.
6. Informazioaren monopolioa. Informazio-merkatua enpresa pribatuen
eskuetan gelditzen ari da, orain arte informazioa erabiltzea eta liburuak
irakurtzea doan izan da, zerbitzu publikoa izan baita. Erakunde publikoak (foru
aldundiak, unibertsitateak, fundazioak, akademiak, profesionalen elkargoak,
merkataritza ganbarak…) arduratu dira ondare dokumentala jasotzeaz, kudeatzeaz
eta banatzeaz. Udal liburutegietatik liburutegi Nazionalera arte, erakunde
publikoak erantzukizuna eduki dute herri-funtsak gordetzeko eta banatzeko. Hots,
orain arte erakunde publikoak, diru publikoez arduratu dira izango den memoria
historikoaren funtsa jasotzen eta zabaltzen.
Egun, aitzitik, teknologiaren bitartez ekoizten den gehiena kontrolpean
edukitzea posible izan denean eta hortaz informazio hori kudeatzea eta zabaltzea
negozio bihurtu denean, enpresa pribatu askok eskua sartu dute
informazio-merkatuan. Batzuen uste, ni barne, informazioaren kudeaketa enpresa
pribatuen eskuetan uztea larrutan ordainduko dugulakoan gaude.
Informazioa esku pribatuetan geratzen ari da, informazioaren jabetza enpresa
pribatuetan geratzen ari da, eta horrekin batera uztiatzeko lizentziak eta
baimenak. Dagoeneko informazioa lortzeagatik ordaindu behar da, eta susmoa
daukat hastapenetan baino ez gaudenik.
Gerardo Luzuriaga
17:56 | Permalink | Comentarios (0)