Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

24/11/2013

Garia jotzeko makina

 

DSCN7690.JPGUzta jotzeko garaian ez zegoen iganderik. Egia esateko negu partean izan ezik urte osoan ere apenas. Ordubete galdu mezatara joateko eta berriro denok larrainean Han geunden  denok: helduak, emakumeak, zaharrak, umeak.  Inor ez zegoen sobera,  nagusiaren uzta izan arren gurea balitz bezala genbiltzan.

 

             Zarata jasanezina zen. Ondokoak ulertzeko  belarri ondoan  oihuka aritu behar zen. Dena zarata zen. Gehien ateratzen zuena Matakas motorea. Piztu ondoren jasanezina, burrunbatsua, manibela baten bidez gizonik indartsuena behin eta berriro saiatuz gero, pun, pun, pun, pun, pun...  erritmikoa, motela, etengabeko hotsa ke beltzez nahasten zen. Une horretan hasten zen beroa, azkura, izerdia;  gaitzerdi, aukera baineukan Frantziska ikusteko eta lantzean behin solasaldi motz-motzak edukitzeko.

 

            Garia jotzeko makina erraldoia zen. Ez zuen ematen tinkoa, dena mugimenduan  zelako. Poleak, burdinazko eraztunak, galbaheak, helizeak, torlojuak, pieza guztiak une batetik bestera intengo zirela ematen bazuen ere, irmo zirauten. Poleen ondoan eta batik bat azpitik pasatzea beldurgarria zen.

 

            Bihotza Matakas motorea zen. Zainak poleak. Hamar metro luze eta berrogei zentimetro zabal, polea nagusia zen aorta. Zaratatsua, bizia, mugikorra, izugarria. Polea nagusiak eraztunen puntaren puntan zeuden irteteko moduan, zarata jasanezinarekin lotura zeukana. Hogei polea gehiago, bere zainak balira bezala, batzuk txiki-tkikiak, besteak erdikoak, beste batzuk handiak. Dena zen mugimendua, bai barrutik, bai kanpotik,  anabasa begiratu batera, baina dena zegoen kontrolpean.

                 

 

            Tramankulua abian jarriz gero lurra ere mugimenduan jartzen zen. Egurrezko makilatxoz lotuta zeuden burdinazko berrogei eraztunak, barruko piezak ere mugimenduan ziren,  batzuk bizi-bizi, beste batzuk motelago, beste batzuk berriz, mantso-mantso. Zoramena. Mota askotako zaratak bereizten ziren. Burdinazko haginek garia txikitzean kirkilenena zirudien;  galbaheena, erritmikoa, suabea, tza, tza, tza, tza... atsegina, leuna;  helizeena erleen zumbidoren modukoa, fuuuuu, fuuuuu, fuuuuu...; aleena tutuetatik pasatzean euri suabeak egiten duen modukoa; lastoarena tutuetatik pasatzean neguko haize boertitzena zirudien, sukaldeko leihoko kristalen kontra euri tanta lotiek joko balute bezala.

 

            Inurritegi honetan bakoitzak bere eginbeharra zeukan. Mahian garia bereizi,  mahai gainean gabilak  ipini, garraiolariak, alea zakuetan sartu, lioak batu, lastotegian eta larrainean lastoa pilatu behar genuenok, alegia.  Denak dantzan. Denak beharrezkoak. Lana kateatuta zegoen. Denak ondo eginez gero, ondo zihoan, baten bat fin ez ibiltzeak arazo handia zekarren.

 

            Matakas geldituta, emeki-emeki gainontzeko tramankuluak baretzen joaten ziren. Paradisua zirudien. Isiltasuna.


Gerardo Luzuriaga

 

Los comentarios son cerrados