Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

04/03/2021

Nafarroako Parlamentuko Presidente Unai Hualderi

 

 

Juantxo Aleman eta Gerardo Luzuriaga
Plazara gatoz!

“Ama-hizkuntzak: denon ondarea” goiburuarekin, Nafarroako, EAEko, Valentziako, Galizia eta Balear uharteetako parlamentuetako presidenteek sinaturiko agiria irakurtzeko parada izan dugu berriki. Honakoa irakur zitekeen bertan, besteak beste: «Behean sinatzen dugunok erantzukizun publikoak ditugu bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia-erkidegoetan. Errealitatea eta haren aniztasuna aitortzen esperientzia luzea duten lurraldeak, eta, horregatik, bi hizkuntza ofizialak berdintasunean eta inolako diskriminaziorik gabe gero eta normalizatuago erabiltzen saiatzen direnak; aldi berean, babes berezia ematen zaie hizkuntza mendetan gutxitutakoei. Izan ere, herri-administrazioek bermatu egin behar dute herritarrek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko duten eskubidea, bai eta hizkuntza horien ezagutza bermatuko duten hizkuntza-politikak gauzatzekoa ere. Esparru horretan ere esperientzia handia dugu hizkuntza koofizialen normalizazioan eta hizkuntza horiek ikastea bermatuko duten hezkuntza-sistemak sustatzen».

Nafarrak eta euskaldunak garen aldetik, ezin isilik gelditu baieztapen horien aurrean.
Hualde jauna, Nafarroako Foru Erkidegoan oztopo eta eragozpenez betetako bidea dugu euskaldunok gure hizkuntzan bizitzeari dagokionez, zerorrek ere ondotxo dakizunez, gu bezain euskalduna baitzara.

Bestetik, errealitatea da, gure lurraldearen aniztasuna eta bereziki, jatorrizko hizkuntza, euskara, ukatzen esperientzia luzea duen gobernua dela Nafarroakoa. Areago, hizkuntza ofizialetako bat, euskara jakina, baztertzen eta diskriminatzen etengabe saiatzen diren gobernuak jasan izan eta jasaten ditugu ia beti.

Aldi berean, mendeetan gutxitua eta jazarria izan den euskarari ez zaio ia inoiz babesik txikiena ere eman Nafarroan. Izan ere, herri-administrazioek ez dute bermatzen nafar herritarrek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko dugun eskubidea, ezta hizkuntza horien ezagutza bermatuko lukeen hizkuntza-politikak gauzatzekoa ere. Soilik, espainieraren ezagutza eta erabilera bermatzen dira Nafarroan, eta euskara (euskaldunak) desagerrarazteko hizkuntza politika lotsagabea darabilte, Nafar Gobernuak bezala, Iruñeko Udalak edota beste erakunde askok ere.

Nafarroako jatorrizko hizkuntza xehatzen eta herritar euskaldunak baztertzen esperientzia handiko erakunde, alderdi, patronal eta sindikatuak dauzkagu Nafarroan. Adibide garbia bezain mingarria da Hezkuntza-sisteman gertatzen dena adibidez, euskarazko eredua trabatuz eta ia ezina bihurtuz.

Eta bukatzeko, Nafarroako euskaldunoi ez digu inongo mesederik egiten pairatzen dugun errealitate latza estaltzeko baino balio ez duten diskurtsoak. Agintari euskaldunen aldetik behintzat, jarrera irmoagoa, babes eraginkorragoa eta elkartasun handiagoa espero dugu. Hala bedi.

Los comentarios son cerrados