Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

07/09/2009

Eskolapioetan (III)

Garai hartan herriko mutilek nesken atzetik genbiltzen. Gehienok kapotar baten atzetik genbiltzen. Haiengandik irribarea, hitz gozoa lortzearren, gehienok maiteminduta ibili ginen. Jaiak ailegatzearekin batera ailegatu ziren ere lehendabiziko dantzak. Batbatean neskengan une hartan arte ikusi ez genituen xarmak hasi ginen somatzen.

 

Herrian gelditu zirenak ere tristatu ziren, opor egun guztietan herrian gelditzeko konbentzitzen saiatu ziren. Ez zuten lortu. Eta horrela hurrengo egunean ikusi genituen gure buruak bi zati zeukan lizarrako ikastetxe horretan. Ikastetxeak bi alde zeukan, bata zahar-zaharra, erortzear zegoena, eta bestea berri-berria, ladriluzko gorrizkoa. Ikastetxea Lizarran bertan, autobus eta tren geltokiaren ondo-ondoan  izan arren, erabat isolatuak geunden. Patioa, mojen harresi handi batez inguratuta baitzegoen.

 

 

Berriro ailegatu ziren ilarak, aurpegia jaboi eta toaila eskuan eta ilarak, patioko komuneko ilarak, txisa eta kaka egiteko ilarak, patio bazter batean 5 komun baino gehiago ez baitzeuden, lurrean zuloa zeukaten horietakoak ziren.

 

Gogorra zen herriko askatasunetik kartzela hortako arauetara pasatzea. Askotan klaseetan, gauetan irudikatu nuen burua herrian mutiko-nesken artean, etxeko ikuiluan, lastotegian, edo baratzean. Gurdi zaharrekin jolasten, oiloak uxatzen, untziak aztoratzen, edo artaldiaren akerra zirikatzen. Harik eta etxeko katutxuek ere nirekin jolasten ikusten nituen. Herrian inoiz gertatzen ez zitzaidana, ametsetan behin baino gehiago burura etortzen zitzaidan. Zoritxarrez, edozein estula edo zarata nahikoa zen errealitatera bueltatzeko, begiak liburutik jasotzean edozein aitaren betaurreko ilunen atzetik gordetzen zituen begi okerren aurrez aurre topatzeko, errealitate hutsean golpe bortitz batetik erauzteko.

 

Askotan herriko jendeekin hitz egiten aurkitzen nuen nire burua, baina ez nuen aurrera egin nahi gogoeta horietatik bueltatzean mina ez sentitzeko.

 

Apaiz gehienak isilak eta arruntak ziren, ez gatz ez berakatz horietakoak. Denok berdinak ziruditen, isilak eta zigortzaileak. Ideologia berekoa. Ordena, disziplina eta obedientziaren aldekoak. Salbuespenak Emiliano anaia eta Damaso apaiza ziren, gaiontzekoak beldurgarriak ziren, hitz gutxikoak, serio eta haserre leku batetik bestera zebilenak. Okerrenetariko bat, zalantzarik gabe, Julian Lara zen herriz herri apaizgain arrantzalea zebilena. Ikasteko araua zigorra zen, edozein gauzagatik zaplastadak eta zigorrak jartzen zituzten. Den-dena zegoen debekatuta, ilaratik irtetzen ginela, logelan, estudioetan, jangelan hitz egiten genuela, farre egin genuela, eskuan poltzikoan eramaten genuela, betiko taldearekin ibiltzen ginela, bakarrik ibiltzen ginela. Dena zegoen debekatuta. Oso arrunta zen petril batean hainbat haurrek paperetan esaldi bera bostehun aldiz, zeiehun aldiz kopiatzen: Hemendik aurrera ez dut hitz egingo debekatuta dagoenean, ez dut botako baloia lorategira, edo ez diot hain bortziki baloiari emango…

 

Egun batean hain nengoen nire herriko kontuetan murgildurik, non fisikako irakasleak galdetu zidanean ez nekien non nengoen ere. Bostehun aldiz esaldi luze bat kopiatzeaz gain aste osoa goizeko atsedenik gabe zigortu zidan.

 

Gure baitan borroka handia geneukan, kontraesan handi batean murgiltzen baikinen, alde batetik han bizi ginen giroa eta egoera naturala ez baitzen, hala ere sufrimendua barruan generaman gordeta. Kontraesana, eta oinazea barruan generaman, alde batetik apaizen esandakoan hitzez hitz sinesten genuelako, barneratuta beikenuelako; baina beste aldetik herrian geunden bitartean herrietako giro onean eta naturalean bizi ginelako

 

 

Janaria eskasia ez bazen ere, ez zen soberakoa, eta askoz gutxiagoa ondo prestatua. Lehenengo platera potajea zen, nahi genuen beste. Bigarrena, berriz, urria bezain gorrotagarri hiru xerra iruñeko txorizoa edo saltxitxoia, errekako arrain hezurduna edo bi ordu lehenago frigitutako arraultza pare bat, eta postrerazo beti hiru galleta maria. Askarirako lurra baino lehorrago zegoen txokolate zati bat, eta afaltzeko oso gutxi betetzen zuen zopa. Dena den, meritua zeukaten erdi arotik ateratako bi anaia sukaldariak, Mauro eta Alejandro izenekoak, sukaldari lana bostehun ikasleentzat eta hogeitahamar apaizentzat prestatzen zuten janaria. Langile finak ziren. Biak altuak ziren, hitz gutxikoak bezain itsusiak, Alejandrok egun osoan ahoan irrifarrea zeukana, baina lau hitz jarraian trukatzeko gai ez zena sukaldari laguntzailea zen. Mauro, berriz, sukaldeko arduraduna, ikastetxetik kanpo lo egiten zuena, Lizarrako ikastetxean izan nintzen lau urtetan bi aldiz baino nuen ikusi berbetan, lehengoa, nire herriko Valeriana izeneko emakumearekin, bere lehenguzina zenarekin, eta bestea erizain lana egiten nuen goiz batean eritegian esne falta geundenean eta sukaldera jaon ginenean, bere lehengusinaz itaundu zidan unean. Harrituta utzi ninduen niregana etorri zitzaidanean, bada egunero nenbilen sukaldean eta fitxik ere inoiz ez zidan egin. Egun hortatik aurrera ere buruko mugimendu zakar batez baino ez ninduen agurtu.

 

Egunak bata bestearen atzetik etorrita, kurtsoak eta udako oporrak ezin hobeto pasatu ondoren hirugarren maila egiteko garaia ailegatu zen. Irailaren bigarren hamarkadatik aurrera herria bazihoan tristuraz hornitzen. Herritik ihes egin behar genuenok herri minak jota, gelditzen zirenak, batez ere neskak, gure joatearen melankoniak jota. Udako egun argiak eta beroak egun grisei eta ilunei utzi zieten lekua. Arratsaldeak sasien masusta helduen gozoak,  eta mahats berrien mikatzak probatzen iragatzen genuen . Eguzkiaren indarrik gabeko printzeek eta haize xumeek gogorazi ziguten ikastetsera joateko eguna hurbiltzear zegoela. Nekazarien traktoreak lurrak goldatu orduko soroen lurren kolore horia nabar bihurtzen zihoan. Neska-mutilek osteguneko Estellesa autobusera zeharka begiratu genuen hilabete  horretan, bagenekielako aste batzuk baino ez bazitzaigula udako oporrak bukatzeko eta Lizarrako Eskolapiosetara bueltatzeko.

 

Ordurako 30 ikasle baino ez ginen gelditu gure mailan, denok gela batean. Herritik  bueltatzean herriko minak jota nengoen. Galdetuz gero, zeren falta nengoen, ez zen erraza jakiten zeren falta nenbilen . Zentsazio materiala baino gehiago espirituala baitzen.  Haize falta?. Indarrik gabe, gogorik gabe nenbilen Ez zen herria, ez zen herriko jendea, ezta animaliak  ere, hori eta askoz gehiago zen faltan sentitzen nuena. Dena berdin zitzaidan, zer demontre egiten nuen leku arrotz horretan?

Ebaristo

Los comentarios son cerrados