Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

10/05/2012

Zaborra

Nafarroako Berrotza haraneko herri batean (Lizarraldeko Nazarren) egun zabor hitza jarraitzen dugu erabiltzen. Zoritzarrez, haran horretan eta inguruetan euskara duela mende batzuk desagertu zen; baina, zorionez, oraindik euskal hitz batzuk badiraute, haien artean zabor hitza. Gaztelaniaren eraginaz, berriz, egun zaborrak ez du esan nahi “basura”, horretarako denok “basura” hitza erabiltzen baitugu.

Ikus dezagun esanahi garrantzitsuena: Txorien habiak izan daitezke arrautzatan, txorikumeetan, edo zaborretan. Habi hustuak, txorikumeak eduki ondoren, hutsik eta zikin daudenean zaborretan daudela esaten dugu, “en zaborra”. Kasu honetan agerian dago herri hauetako jatorrizko hizkuntza euskara izan dela, gaztelaniaren eraginaz zaborraren esanahia soilik jatorrizko konturako geratu bada ere, gauza berrietarako gaztelaniazko hitza erabiltzera behartu gaituzte.

Dena den, mezu hau ez dut idazten hori agerian uzteko, baizik eta urte hauetan zaborrari dagokionez emandako aldaketak aztertzeko. Helduak direnok, noizean behin atzera begiratzea ezinbestekoa da. Aipatutako haranean, duela urte gutxi arte ez genuen ia-ia zaborrik ekoizten. Gezurra irudi  arren, horrela zen. Familia bakoitzak simaurtegiko bazter batean botatzen genituen soberakinak, gutxi izateaz gain, hondar guztiak ongarri bihurtzeko gai ziren, non txakurrek, txerriek eta batez ere oiloek mokokatzen baitzuten. Garai horietan, soilik etxe bakanetako leku berezi batzuetan agertzen ziren piper pote solte batzuk, txirlen oskol batzuk edo laranjen azal batzuk.

Egun, aitzitik, herri hauetan ere edonon metatzen dira kartoizko kutxak, plastikozko poltsak, burdinazko poteak, edozein material suntsiezina edozein bazterretan pilatzen da…, Egun familia batek soilik egun batean sortzen duena garai hartako herriko urte osoan baino askoz ugariago denez, ezinbestekoa da horri erreparatzea, ohiturak aldatzea eta batik bat  gai honen gainean kontzientziatuz gero irtenbideak jorratzea. Inondik inora irtenbidea ez da erre ondoren partikulak eta gasa eguratsera botatzea, edo kamioien bitartez hondakinak bistatik kentzea… Atez atekoa irtenbide egokia da, ea lortzen dugun zero zabor leku guztietan zabaltzea.

Gerardo Luzuriaga

Comentarios

Oso bitxia eta interesgarria zaborraren esanahia. Zein da bestea?

Anotado por: anonimo | 14/05/2012

Zaborra Nazarren batez ere lehen aipatu dudan moduan erabiltzen da habiak hustuak direnean esateko "que los nidos están en zaborra". Baina, noizean behin ere zaborra hitza entzun dut jertseian edo txapelan belar bat, lasto zati bat, edo egur zatitxo bat itsasita dagoenean. "Quítate esa zaborra del..."
Uste dut aurreko mezuan argi eta garbi utzi dudala Nazarren euskal hitzak soilik geratu direla kontu jakin batzuk adierazteko, duela mende asko zeukan esanahiarako, kontu berriekin, berriz, gaztelaniazko hitzak hartzen.
Zaborra hitza, ez da salbuespena, herriko hiztegian badaude hamaika hitz gehiago (zata, joar, abarra, tente...). Tamalez, euskal hitz hauek asko eta asko desagertu dira, denok dakigulako zenbat eta zenbat hitz desagertzen direlako. Ogibide zaharrak desagertzen direlako, tresnak desagertzen direlako, eta bilakaera horrekin hitzak ere desagertzen dira. Hortaz, laster geratuko gara Nazarren euskal hitz barik, laster inor ez duelako ezagutuko zaborra hitza eta antzerako hitzak zer nahi zuten esan. Herri guztietan ohiturak, jokuak eta aldatzen ari dira, baina herri txiki hauetan ezin imaginatu nola.

Anotado por: Gerardo | 14/05/2012

Los comentarios son cerrados