28/03/2014
Gerardo Luzuriaga Sanchez euskaltzain urgazlea
28 urte eduki arte, Oñatira joan arte ez nuen euskara ikasteko beharrik, ezta aukera garbirik ere. Lau hitz euskaraz baino ez nekien, Valladoliden, Gasteizen, Bilbon ikasitakoak: egun on, kaixo, bai…
Kontua aldatu zen Oñatira heltzean, ailegatu bezain laster, konturatu nintzen ezinbestekoa zela euskara jakitea, ez soilik Oñatin integratzeko, baizik eta Euskal Herrian bizitzeko, eta euskal biztanlea sentitzeko. Horrela pentsatu, eta horrela egin nuen. Asko kostatu zait, urte asko eta asko egin ditut ikasten euskaltegiz euskaltegi, hamaika irakasle eduki ditut, ez dakit buruan edukiko ditudan haien aurpegi guztiak, baina denei eskertzen diet egindako ahaleginak euskaldun bihurtzeko.
Egun hortatik eguneraino euskararen alde ahal izan dudan guztia egin dut. Soin Hezkuntzako Euskal Erakunde Fakultatean (IVEF) izan nintzenean, adibidez, Liburutegiko katalogoa euskaraz egin genuen, nahiz eta Euskal Herrian Euskaltzaindian, HABEn eta IVEFen soilik egiten zen. Euskarazko aldeko talde askotan parte hartu dut, bai lanean (Tiraka), bai kanpoko ekintzetan (Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia), bai asialdiko kontuetan.
Euskara beti gaztelaniaren atzetik doanez, ez soilik Nafarroan, baita Iparraldean eta Euskadin ere, euskararen aldeko borroka guztietan parte hartu dut. Nik uste dut horregatik 2013. urtean euskaltzain urgazle izendatu nindutela, Estellerriko aintzindariek hasitako bidea osatuz, Felipe de Murietakoak, Juan de Biurkok (Bargota) Laura Mintegik (Lizarra) egindako bideari jarraitzeko.
Egia esateko euskaldun berriei ez zaigu erraza egiten euskara jardutea, nire adineko euskaldun berrientzat ez da erraza euskarari merezi duen tratamendua ematea; gure prestakuntza gaztelaniaz izan da, askoz erosoago aurkitzen gara gaztelaniaz euskaraz baino. Militantzia dela eta euskararen alde egiten dut, eta eguneroko ekimen gehienak euskaraz burutzen ditut.
Euskal Herria ez da herri egokiena euskaldun berrientzat, Euskal Herrian denok eta beti euskaraz hitz egingo bagenu, euskaldun berriek ere daukagun maila baino askoz hobea edukiko genuke… baina, tamalez, bi hizkuntzetan landu, lan egin behar dugunez… Bietan kili-kolo moldatzearen sentzazioarekin bukatzen dugu. Errealitatea da, ekintza guztiak, egun osoa euskaraz lan egitea ezinezkoa egiten zaigu, gaztelaniaz bizi garen herrian bizitzen baikara. Batik bat, bi hizkuntzetatik bat, euskara, normalizaziotik urrun baitago oraindik... hori dela eta konturatu gabe 10tik 8 ekintza gaztelaniaz burutzen dugu...
***
1956ko urriaren 26an Nazarren jaio nintzen, -Laura Mintegi euskaltzaina egun berean 1955ean Lizarran jaio zen; beraz urte bat beranduago jaio nintzen ni.
Nazar Berrotza haranean dago, Estellerriko herri txiki-txiki bat da.
Nekazarien herria zen eta da, herriko biztanleak nekazaritzaz eta abeltzaintzaz bizi ziren, garai hartan 150 biztanle inguru zeuzkan herriak. 1956. urterako populazioa murrizten ari zen, familia batzuk hirietako bidea hartu baizuten.
Hamar urte batzuk lehenago edo indarra elektrikoa eta ura sartu zuten etxeetan; herrian ez genuen arropa garbitzeko makinarik ezagutzen, ez telebistarik, ez hozkailurik, ez komunarik… traktoreak oraindik ez ziren ailegatu herrietara…
Gurasoak hirietara joateko behin baino gehiagotan pentsatu baziren ere, herrian geratu ginen. Traktoreak urte horietan agertu ziren herrian. bost urte neukala edo... Etxean ezagutu nituen idiak laster saldu zuten, eta lur gehienak, onenak traktorea zeukan bizilagun bati “erdibana” eman genion; berak egiten zituen lanak eta hori dela eta etekinak erdibana banatzen genuen. Hiru urte neukala aita artzaina zen.
Nazarren bertan jaio nintzen, ohitura zen bezala, ama ez zen Iruñera erditzera joan; haurtzaroa aske bizi izan nintzen, herri horretan hezkuntzak ez zeukan garrantzia handirik, areago andereñoa zahar samarra zen, 1960 hamarkadarako erakusteko ilusioa eta indarra galduta zeukan… Ondo ikasi genuena aitzurra, igitaia, sega, aizkora erabiltzea izan zen; ezbairik gabe irakurtzen eta idazten baino askoz hobeto.
Familian zazpi anai-arreba izan ginen, seigarrena izan nintzen, aurreko anaia hamabost egunekin hil zen, jaio nintzenerako bi arreba nagusiak Bilbon lan egiten zuten neskame, beste anaia bat laster joan zen Elorriora.
Hamar urterekin Lizarrako eskolapiotara apezgai eraman ninduten, lehenengo urteak oso gogorrak eta jasanezinak izan ziren, justu bainekien irakurtzea… Hemeretzi urte arte egin nuen apaizekin, azkenenean gustura eta ondo egokitua.
Opor guztietan herrira bueltatzen nintzen, garai hartako oporrak oso luzeak ziren, udako oporrak lau hilabetekoak ziren, ekainetik urrira arte, etxeko beharretan laguntzen nituen, garai hartan, batez ere udan beso guztiak beharrezkoak ziren nekazarien lanak aurrera eramateko. Herrietako jaiak, Lizarrako diskotekak (El Trovador, Oasis, Naxos…), Kanpezuko (Yerti), Urantziako (Margan) ibili ginen, haraneko futbol torneotan parte hartzen genuen…
14 urte arte ez nuen kontzientzia politikorik, ezta kontzientzia abertzalerik ere, 14 urte horiek arte herrian zegoena jaso nuen konturatu gabe, herria ez zegoen politizatuta, nahiz eta denok agintzen zutenari men egiten genion hausnartu barik. Hau da, frankismoan bizi ginen kritikoak izan gabe.
Nire familia, ez zen nabarmentzen ezertan, ez politikan, ez erlijioan, ez ohituran… Herrian normala zenari jarraitzen genion… Edozein familia bezala. Etxean el Pensamiento Navarro jasotzen bagenuen ere, ez dut uste jakingo genukeela egunkari atzerakoia zela, ohitura baino ez baitzen egunkari hori erostea…
Herriko giroan murgilduta nenbilen, kritikarik gabe, erlijioa, politika, ohiturak… denok ginen Real Madrileko jarraitzaileak, denei gustatzen zitzaizkigun boxeoa eta zezenketak, adibidez…
Ez dakit zer dela eta dena hasi zen aldatzen, kritikoa bihurtu nintzen, erlijioarekin, giza harremanekin, frankismoarekin, kapitalismoarekin, matxismoarekin, kirolarekin eta batez ere politikarekin… Aldaketa, jakina ez zen izan egun batetik bestera… aldaketak ia konturatu gabe joan ziren egiten, beste batzuk ere bide berbera egin zuten, garaia aproposa zen horretarako…
Euskara ikastea ez nuen beharrik abertzalea eta euskalduna sentitzeko, euskaldun petoa sentitzen nintzen euskara jakin gabe; nafar guztiak euskadunak izango gara nahiz eta euskara ez jakin, euskara galdu baikenuen aspalditik, eta inork ez baitigu aukera ikasteko; hortaz, nahiz eta euskara ez jakin euskaldunak gara, euskaldunak sentitzen gara, espero dugu baldintzak hobeak edukitzearekin batera, Berrotzako biztanleak aukera edukitzea euskara normaltasunez ikasteko, eta euskaraz ere berba egiteko.
Hemeretzi urterekin Valladolideko Unibertsitatean egin nituen lehenengo hiru urteko Filosofiaren karrera. Gasteizen sortu berriko Euskal Herriko Unibertsitatean bukatu nituen laugarren eta bosgarren ikasturteak.
Soldaduzka Espainiako Leon, Toledo eta Burgos hirietan egin nuen.
Madrilen, Hemeroteka Nazionalean eta Instituto Bibliografikoan lan egin nuen bi urtetan.
Inma bilbotar neskarekin ezkondu nintzen, Bilbon ere bizi izan ginen hirupalau urtez. Urte horietan Eusko Ikaskuntzak kontratatuta Bizkaiko artxiboen zentsua beste lankide batzuekin batera herriz herri, erakundez erakunde egin nuen.
28 urterekin Oñatira joan ginen bizitzera, emazteak Gipuzkoako Foru Aldundian lanpostua lortu baitzuen. Lan ugari egin nituen urte horietan: Gipuzkoako liburutegien zentsua, Oñatiko Unibertsitateko katalogo bibliografikoa…
Oñatin eduki genituen bi seme-alabak.
43 urterekin Gasteizera bizitzera etorri ginen, Gasteizen jarraitzen dugu bizitzen…
19:09 | Permalink | Comentarios (0)
Los comentarios son cerrados