Ok

By continuing your visit to this site, you accept the use of cookies. These ensure the smooth running of our services. Learn more.

22/01/2009

Jaunartzea - Umekeriak

 

Ikasturte berriarekin batera hirurok –Felipe, Pedro eta Alfredo- eta Enkar, Maria Jesus, Alfontso eta Mikel, gu urte bat edo bi  baino gazteagoak zirenak, dotrinara joaten  ginen jaunartzea prestatzeko. Egun hortatik aurrera amaitu zigun geneukan askatasuna. Ilusio betez hasi ginen, laugarren egunerako erabat aspertuta bukatzeko. Ez genekienez irakurtzen, buruz ikasi behar genuen apaizak irakurtzen ziguna. Eskola bukatu bezain pronto elizan eskuak eta arropa garbiarekin izan behar genuen. Aurreko egunekoa buruz ondo ikasita. Akatsaren bat edukiz gero apaizaren atximurkadak jaso baitkenituen. Maiatzean jaunartzea hartu genuen.

 

Urrian eskolako burdineko atea lehendabiziz zeharkatu genuen eta honekin batera bukatu zigun geneukan askatasun txikia. Egun hortatik aurrera egiten genuen guztia maisuarentzat eta bereziki apaizarentzat barrabasadak ziren.

Egun batean Feliperi  eta biori kateximora ez joatea bururatu zitzaigun. Apaizak beste neska-mutilak gure bila bidali zituen. Ez gintuzten aurkitu, herri osoa aztertu arren. Jabier deunak egun berean gure amak deitu zituen, gure ihesa jakinaren gainean jartzeko. Gauean afari orduan, aitak errieta eta bi zaplastadak eman zizkidan. Serio esan zidan ez dut nahi apaizarengandik edo maixuarengandik hemendik aurrera inongo kexarik jaso. Sotinka, afaldu barik zuzenean ohera bidali ninduen.

 

Hurrengo egunean Jabier deunak elizako atea igaro orduko esku irekita zaplastada aurpegian jo zidan, non lurrera bidali ninduen, belarrietatik oratuta jaiki eta sakristiaraino esku batekin eraman ninduen. Honez gero, eserita eta negarrez zegoen Felipe malkoak zeriola. Hegoak ebaki zizkiguten, txoriak oilo bihurtuta dotrina madarikatu horri ekin genion,  hara eta buruz ikasi arte.

 

Egun horietan  amama burutik gero eta okerragoa zebilen, ganbaran elektrizitatea jarri genuenetik uneroro hara igotzen zen bere buruan soilik bizi zen semeari janaria uztera. Askotan ezkutatuta jarraitzen nune bere atzetik bere solasaldiak entzuteko. Manuel irten zure zulotik, irten lasai inor ez dago etxean, gaua da, kaleko atea itxita dago. Jan urdaiazpiko zati hau eta edan ardo tragotso bat. Ibili lasai, atzo guardia zibilak herrian ibili ziren, baina gaur ez dago arriskurik, irten lasai eta eseri hemen, nire ondoan pittin bat jatera. Ene maitia, zer argal zauden!, jan eta edan pittin bat, arren.

 

Ganbaratik jaitsi bezain laster, galdetu nion amari ea zein zen Manuel. Guda zibilean erahil zutenaitaren anaia gaztea zen Manuel.

Nola hil zuten?

Kontu horiek hobe da ahaztea. Egun batean, hamar urte beteko duzunean kontatuko dizut. Lagunek zer edo zer komentatu dizute horri buruz ala?

Ez. Ez. Arratsaldean amamak ganbaran Manuel deika eta deika ibili da eta, baita solasaldi luzeak eduki ere.

Amama gizajoa.

Hurrengo egunean, amamari galdetu nion Manueli buruz. Amama zein zen Manuel?

Manuel, Manuel. Zer Manuel?

Manuel, Manuel errepikatu zuen, betiko erretolikarekin jarraitzeko, bata bestearen sentzurik gabeko esaldiak behin eta berriro errepikatzeko. Ixilik gabe. Kapaza zen, eta bazebilen orduak eta orduak ixilik gabe, baina ezer ulergarria eta lotuta esan gabe.

Gerardo Luzuriaga

Los comentarios son cerrados