21/06/2022
Zortzi urte
Uda noiz ailegatuko zain geunden, kanpokoei ongi etorri emateko. Udan etxe guztiak betetzen ziren, kanpotarrak hemengoak baino gehiago ziren.
Kanpotarrentzat herriko batzuk oso bereziak ziren. Bereziena, agian, Nazarreko Jainkoa, eskola aurrean bizi zena, gizon altua, indartsua, eta burugogorra. Nazarreko Jainkoaren aitak semea jaio bezain laster atera zuen elurretara eta han utzi zuen minutu batzuk indar dezan. Eragina eduki zuen, bada bizitza osoan hamaika pasadizo bizi izan zuen, basoa zen bere bigarren etxea, neguko gau asko zebilen animalia basatien atzetik, basurde asko akabatu zituen labanaz, elurte handi batean bik astetan ez zen etxetik agertu, etxekoak eta herrikoak hasi ginen kezkatzen eta irten ginen bere bila, hiltzat eman zuten arren, hirugarren astean agertu zen betiko moduan txistuka eskopeta sorbaldan.
Eskola atzean beste familia bitxi bat bizi zen, gurasoak eta alaba bakarrarekin. Herrian zabaldu zen ganbarak mamuak zeudela, bada ganbaran urratsak eta zarata entzuten omen zela. Errealitateak, berriz, baieztatu zuen zaratak eta urratsak herriko lagun batzuena zirela, alabaren maitaleenak, gurasoak adinekoak izanda soilik zarata entzuten zuten.
Udan kanpotar asko etortzen ziren, gehienak herriko seme-alabak izanda, gure ohiturak eta gure entonazioa jarraitzen zuten edukitzen; beste batzuk, berriz, erabat desberdinak ziren, bai janzkeran, bai hitz egiteko moduan, hauen artean gogoratzen ditut batzuk, amerikanarekin, eta ahots leuna eta dotore zeukatenak. Garai hartan herrian bost hitzetik lau birauak ziren.
Umeek asko eta asko ikasi genuen kanpotarrengandik, une hori arte entzudako ez geneuzkan istorioak, hasi ginen entzuten. Txoriak nola harrapatu, futbolean hasi baino lehen ariketak zer garrantzitsuak ziren, inguruak, mendiak, errekak, iturriak ikasi genuen baloratzen, kanpotar batekin ezagutu genituen ingurutetako iturriak: Umeen iturria, Kodes aldekoa, goiko iturria, Kanpetzu aldekoa, eta nola ez inguru-inguruan geneuzkanak (Balsarroya, el Cabezo, el Chorrón, las Vallejas, Fuentelateja, Fuentejuana, la Fuentilla, Pozonegro, el Reguillo, Fuentelavilla, Manalagua, Manauro...) han joaten ginen bokadiloarekin arratsade batzuk pasatzera, istorioak entzutera. Herrian zegoena aspalditik geneukan bereganatuta, bost urtetik aurrera, denok genekien landako eginkizunak egiten, sega, atxurra, aizkora, laia, zerra, eta antzerako lanabesekin besoazpian jaio baikinen.
Udan kanpotarrekin batera ailegatzen ziren txori berezi batzuk, haien artean kardelinak, lorez lore, kardoz kardo ibiltzen zirenak. Aitonak intxaurrondoren azpian pasatzen zituen egunak, erdi lotan, igitaia eta zorrozteko harria eskuan, txapela buruan eta makila ondo-ondoan. Noizean behin sorbeltzen, edo eulien edo erlastarren hegaldien soinuak esnatzen zuen. Kardelinen txioei esker berriro erdi lotan geratzeko, Harik eta haize freskoak aupegia laztandu, eta sorbeltzen arraseko hegadak berriro iratzarri arte.
10:31 | Permalink | Comentarios (0)
Los comentarios son cerrados