Eboluzioa eta globalizazioa dela eta, urte hauetan euskaldunen bizimodua eta hizkuntza zeharo aldatu da. Labur-labur, baserritarrak herrietara jeitsi dira, baserritarren seme-alabak hirietako unibertsitateetan matrikulatu dira, herritar askori udaletxeak eta herri inguruko enpresak txiki gelditu zaizkie, egun Gobernuen funtzionario eta enpresen langile aurkitzen ditugu, bilakaera itzala izan da.
Ez gara izan gai euskal eremu elebiduna sortzeko. Oro har, erdaldun mundua ez da hurbildu euskararen mundura. Bi mundu desberdin eta deskonektatuta sortu ditugu. Eta kasurik onenean euskarak folklore gisa irauten du. Euskara bigarren mailan gelditu da. Edozein herrik bi hizkuntzetan funtzionatzeko dauzkan zailtasunak Euskal Herrian bikoiztu edo hirukoiztu egin zaizkigu. Euskara gaztelaniaren mende dago, arrain handiak txikiak bukatzeko zorian daude.
Gazte asko eta askok oraindik orain ez dute ezagutzen euskara. Inork gutxik espero genuen 30 urte hizkuntzaren eskumenak gure esku izan ondoren gazte asko eta askok euskara ez ezagutzea, gazte gehienen hizkuntza naturala gaztelania izatea, arazoak euskararekin edukitzea, oraindik orain honen gaineko eztabaida antzuetan murgiduta izatea... 30 urte iragan ondoren, inon gertatzen ez dena gertatzen zaigu: Frantzian frantsesa ezagutzen da, Portugalen portugesa, Ingalaterran ingelesa, Galizian galegoa, Katalunian katalana... eta horrela herri gehienetan Euskal Herrian izan ezik. Hau da gaitzaren gakoa, leku gehienetan normala dena gurean ez izatea, hain zuzen ere. Euskal Herrian euskara tutik ezagutu gabe eroso bizi daitekeela; bai Nafarroan, bai Zuberoan, baita Gipuzkoan eta Bizkaian ere edonork bizimodu naturala eraman dezakeela baieztatu behar dugu. Gazteen mundua gaztelania dela egiaztatzen da.
Gobernuek ez dituzte hizkuntzaren ezagutza bermatzen. Itxaropenak garai hartako umeengan jarri genituenok etsita gaude, alde batetik, Espainiako edozein Komunitate Autonomotan bermatuta dagoena hemen ez baitago. Esate baterako, Extremadura Komunitatean ikasten dituzten ume guztiak kapaza dira gaztelaniaz bizitzeko; Euskal Herrian, aitzitik, ikasten dituzten ume erdiak baino gutxiago gai dira euskaraz bizitzeko. Beraz, hemendik 50 urtera orain jasaten ditugun arazo berak iraungo dituzte eta zoritzarrez horri buruz jarraituko dugu eztabaidatzen, bada orain eskolarizatzen dituzten umeak ez baitira kapaza euskaraz bizitzeko, hurrengo belaunaldietako umeengan jarri beharko ditugu itxaropenak. Eta horrela belaunaldizkoz belaunaldiko.
Euskara dakiten gazteek euskara ez dute erabiltzen. Euskararen iraupenaren etorkizuna gazteengan dago. Areago, gazteen konpromisorik gabe gutxi egin daiteke. Baina, idatzigabeko balizko ituna porrot egin du helduok, -batik bat heldu erdeldunek- eduki dugun jarreragatik. Akordio honetako baldintzak ez baititugu bete. Helduok euskararen iraupena gazteengan utzi dugu eta ez gara konturatu euskararen iraupenarako ezinbestekoa zela helduon borondatea eta ezfortsua honen alde jartzea. Etorkizuna gazteak badira ere, motorra, aitzitik, helduok gara.
Euskara ez da Euskal Herriko hizkuntza. Hona hemen gakoa. Hona hemen, hainbeste urtetako sufrimenduen zergatia. Edozein herritarako eskubide unibertsala dena guri galarazi digute. Alegia, edozein herritari herri gisa dagokion eskubidea guri debekatzen digute. Politikoek Euskal Herriko hizkuntza eskubide unibertsaltzat hartu beharrean eguneroko edozein gai izango balitz bezala hartzen dute, hauteskunde-kalkuluen parametroetan nahita sartzen dute, berariaz, populazioen gehiengoen murgiltzen dira nazioarteko eskubidea izango ez balitz bezala. Euskarak esparru juridiko-politiko berria behar du, euskara lege horren bitartez Euskal Herrian babestua izan dadila, benetako koofizialtasuna eduki dezan. Aldaketa juridiko-politikorik gabe jai daukagu.